Zabor bilketa hizpide Ormaiztegin
Zabor bilketa ereduen inguruko eztabaida herri guztietara heldu da. Baita Ormaiztegira ere. Gobernu taldeak atez atekoaren aldeko apustua egin du eta bizilagun talde batek ia 600 firma bildu ditu sistema honen aurka eta bosgarren edukiontziaren alde. Galdeketa eskatu dute, baina Bilduk eta Orbelek gehiengoa dute eta atez atekoa ezartzea erabaki dute. Eredua zehazteko parte hartze prozesua abian da dagoeneko. Lehen bilera ostegunean izan zen.
Rosa Urkia alkatea «oso gustura» ageri da. «Iritzi ezberdineko jende asko elkartu zen eta giro ona izan zen nagusi. Gainera, bertaratuak galdera mordoxka egin zituzten». Sasietako teknikariak ere bertan izan ziren herritarren zalantzak argitzeko.
Gobernu taldearen helburua %80 baino gehiago birziklatzea da eta horretarako sistemarik egokiena atez atekoa dela uste du. «Ezagutzen diren sistemen artetik emaitzarik onenak ematen dituena da».
Kataluniako Spora enpresak Sasietak eskatuta egin duen bideragarritasun azterketak arrazoia ematen diela uste dute. «Atez ateko gaikako bilketa ezarriz, sistema asko hobetuko da. Batetik, merkeago ateratzen delako. Kontuan izan behar da, hondakinen bilketa garestitzen bada ere, hondakinen tratamendua nabarmen merkatzen dela eta birziklatzeak trukean ematen dituen diru ekarpenak handitzen direla».
Gainera, birziklatze tasa «izugarri» handituko dela uste dute. «Posible izango da, gutxienera ere, %73 birziklatzea. Hala, gaur egungo tasa 39 puntutan handituz. Izan ere, Ormaiztegin %34 bakarrik birziklatzen dugu».
Hondakinak gutxitze aldera, beste egitasmo batzuk ere abian jarri dira. Horietako bat auzokonpostaia da. «Sasietarekin elkarlanean, bi esperientzia pilotu jarri ditugu martxan. Bi auzokonpostaia gune ditugu herrian eta bakoitzean hamar familia inguruk hartzen dute parte. Oso arrakastatsua izan da orain artekoa, eta eskaria badagoenez, aurrera begira auzokonpostaia herriko beste gune batzuetara ere zabaltzeko asmoa dugu».
Plataformako kideak eta oposizioan dagoen OHT alderdikoak ere auzokonpostaiaren alde daude. Atez atekoa, ordea, ez dute begi onez ikusten. Xabin Ezkurdia OHT taldeko zinegotziak erreferenduma deitu beharko litzatekeela uste du. «Sinadura bilketa antolatu zen eta argi gelditu zen Ormaiztegin jendea ez zegoela atez atekoaren alde. Herritarren gehiengoak galdeketa egitea nahi du», aipatu du.
Erreferenduma ez antolatzeak ondorio txarrak izango lituzkeela esan du. «Sinadurak aintzat ez hartzeak, desadostasuna ekarriko du. Bere iritzia ez dela kontuan hartu ikusten duen jendeak zaborra edozein tokitara botatzea gerta daiteke. Orain arte gutxi birziklatzen bazen, etorkizunean beharbada gutxiago».
Bosgarren edukiontzia jartzearen aldekoa da. «Jendea hezi behar da eta horretarako bosgarren edukiontzia nahikoa da». Zabor bilketa sistema honen aldekoek ia 600 sinadura bildu zituztela gogoratu du. «Ormaiztegin 18 urtetik gorakoak 900 pasatxo garela kontuan izan behar da. Horietako ia bi herenek bosgarren edukiontziaren alde egin dute. Hori portzentaje oso altua da».
Bilduk eta Orbelek gehiengoa dute, ordea, eta atez atekoaren aldeko apustua irmoa da. Hori bai, eredua malgua da eta herritarrek aukera ezberdinen artean hautatu ahal izango dute. Horretarako, parte hartze prozesua antolatu da.
Papera, ontzi arinak, materia organikoa eta birziklagarria ez den errefusa mankomunitateak doan banatuko dituen kuboetan jasoko da. Bizilagun komunitate bakoitzak erabakiko du kuboak etxe aurrean utziko dituen edo zintzilikatu egingo dituen.
Paperaren eta kartoiaren bilketa ere malgua izango da: bizilagun komunitateek, kubo urdina erabili beharrean, denentzat izango den edukiontzi handiago bat jartzeko aukera izango dute.
Ontzi arinen kubo horia ere aukerakoa da. Herritarrek bere ordez mankomunitateak emango dituen poltsa hori bereziak erabiltzea edo ez adostuko dute.
Beira, etxeko olioa, pilak eta arropak orain arte bezala jasoko dira. Landa guneetarako, berriz, gaikako bilketa egiteko gunean proposatzen da.
Sasietak astelehenetan organikoa, asteartetan ontzi arinak, asteazkenetan papera eta kartoia, ostegunetan organikoa, ostiraletan ontzi arinak, larunbatetan organikoa eta igandetan errefusa jasotzea proposatu die ormaiztegiarrei. Dena den, egutegi hau irekia da eta parte hartze prozesuan parte hartuko duten herritarren iritzia kontuan hartuko da.