Goierriko bola txapelketa azkeneko bi tiraldi erabakigarrien zain
Goierriko Bola Txapelketa zilarrezko ekitaldia garatzen ari da. Hogeita bosgarren edizioa otsailaren 16an hasi zen, Legazpin, eta bi jardunaldi falta zaizkio bukatzeko. Zazpi herritako bolatokietan jokatuko da.
Hiru hilabeteko egutegia du aurten ere, eta larunbatetan izaten dira tiraldiak, goiz eta arratsalde. Legazpiko estreinakoaren ondotik, Mutiloan (otsailak 23), Zerainen (martxoak 2), Gabirian (martxoak 16) eta Idiazabalen (martxoak 23) izan dira orain arteko saioak.
Falta diren bietan hurrena Segurako Baratze pilotaleku atzeko bolatokian izango da, etzi, larunbata. Izen-emate ordutegia goizean 10:30etik 11:30era eta arratsaldean 16:30etik 17:30era du.
Bukaera Olaberria egingo dute aurten, apirilaren 13an, urtero txandatzen baitute finalaren jokalekua. Bazkaria ere izango da, Arkupe elkartean.
Lehen lau jardunaldien ondoren, Xepeino Agirre segurarra da sailkapeneko buru, 237 punturekin. Pedro Lazkano donostiarra dago bigarren (234), eta Andoni Berasategi idiazabaldarra hirugarren (232). Iban Aizpeolea zeraindarrak (231) osatzen du lidertzako taldetxoa.












