
Antzerki emanaldia Zaldibian, XX. mendearen erdialdean./Manuel Etxeberria – Juan Inazio Iztueta Kultur Elkartea
Zaldibiako ondare immateriala bildu eta gordetzea helburu duen Juan Inazio Iztueta Kultur Elkarteak —lehenagoko Iztueta Fundazioa— 120 argazki gehiago gehitu dizkio lehendik aberatsa zen webguneko irudi bildumari. Manuel Etxeberria apaiz zaldibiarrak XX. mendean zehar ateratako argazkiak dira, ekitaldi askoren eta gizarteko alderdi ugariren berri ematen dutenak. Zaldibitarrak atalean sartu dituzte irudiok.
Sorta berriko argazki asko antzezlan baten irudiak dira, Camuseren Gizon zuzenak antzerkia egin zutenekoak. Horrez gain, atal horretan —150 agiri grafiko daude— Manuel Etxeberriak kamerarekin hilezkortutako familiak, oturuntzak, haurrak, gazte kuadrillak eta beste pertsonaia gehiago daude. Beste emaile batzuren irudiek osatzen dute Zaldibitarrak atala. Argazki bakoitza bere fitxa du, testuingurua eta ageri diren pertsonak izendatuz.
Iztueta kultur elkarteak webgunean (
www.iztueta.com) erakusgai dituen argazkiak 18 sailetan banatuta daude, guztira 573 irudi. Hamabost, Juan Inazio Iztuetaren eskuizkribuak eta faksimilak dira.
30 urte biltzen eta zabaltzen
Iztueta Fundazioa 1992an sortu zuten, hainbat herritarrek. Zaldibiar idazle, olerkari eta koreografo ospetsuaren lanak, eta berari buruz idatzitako guztia biltzeko helburua ipini zuen, hasieratik. Interneteko webgunean du erakusleihoa lan horrek, «orri dokumentalistan», elkarteko kide Tere Irastortzak esan duenez.
Urteen joanean, Iztuetaren pertsonatik hedaduraz Zaldibia herria eta bertako herritarrak hartu ditu langai. Duela urte batzuk kultur elkarte bilakatu da, fundazio izateari utzita.
Etxeak eta baserriak dira bilketaren ardatz garrantzitsu bat. Argazki zaharrak nahiz oraingoak lortu, eta etxearen historia, eraikuntza nahiz bertako istorioak fitxa banatan apailatzen ari dira elkarteko kideak. «Noizean behin egin ditugu bilerak, eta han banatzen ditugu lanak. Lan handia da», dio Irastortzak. Webgunea berritzen ari dira une oro, gordailu-euskarri baliagarria delako .
Baserriei buruzko materialarekin liburua argitaratzeko asmoa du Iztueta elkarteak. Oraingoz 50 bat fitxa beteta dituzte. Aurtengo urtearen bukaerarako atera nahi dute lana.