Osasun zerbitzuaren arloan Eusko Jaurlaritzak eta Tolosako Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza SA enpresak duten hitzarmena baloratzeko eskatu dio Legorretako Udalak Osasun Sailari. Bakartxo Mendez alkateak esan duzenez, bi aldeek 2011n sinatu zuten ituneko «gauza mordo bat» ez da betetzen ari klinikaren enpresa.
Legorretako eta Tolosaldeko udalen ordezkariek atzo bilera egin zuten Jon Darpon Osasun sailburuarekin. Legorreta Tolosaldean sartzen da osasun administrazio arloan. Alkateak «oro har gustura» geratu dira, batez ere beraien eskakizunak entzuteko eta bilera bat egiteko aukera izan dutelako azkenean.

Orexako alkate Eneko Maioz, Tolosako Ibai Iriarte eta Legorretako Bakartxo Mendez, gaur, Tolosan./Itzea Urkizu–Tolosaldeko Hitza
Bileraren balorazioa egin dute gaur Bakartxo Mendezek eta Tolosako zein Orexako alkate Ibai Iriartek eta Eneko Maiozek, Tolosan. Osasun Sailari hiru eskakizun egin dizkiote: Asuncion ospitale pribatuarekin sinatutako hitzarmena baloratzea; Tolosaldeko osasun zerbitzuaz hitz egiteko, baloratzeko eta hobetzeko mahai bat sortzea; eta orain bi urteko itunaren «aurreko egoerara» itzultzea.
Darpon sailburua prest agertu zen zerbitzua hobetzeko mekanismoak bilatzeko, alkateen hitzetan. Osasun Saileko arduradunaren iritziz, Tolosaldean gaur egun dagoen asistentziazko zerbitzua «ona» da.