Ataungo alkate izandako Iñaki Baztarrika ‘Kaxio’ zena omenduko du udalak igandean
Ataungo Udalak herriko alkate izandako Iñaki Baztarrika Kaxio zena omenduko du, igandean, haren heriotzaren 25. urteurrenean. Hamar hilabetez izan zen alkate, Herri Batasunetik, eta auto istripuan hil zen, Legorretan.
Kaxioren omenez HBk 1998an jarritako oroitarriaren aurrean izango da ekitaldi politikoa, San Martin auzoan, zinema ondoan. Iztatorreko zubitik 11:00etan abiatuko dira partaideak txistulariekin, oroitarriraino. Udalaren izenean Eluska Aierbe zinegotziak hitz egingo du.
Ondoren, Kaxioren bizitzari buruzko ikus-entzunezkoa emango dute, Herri Antzokian. Jexux Arinek eta Txema Zubizarretak prestatu dute dokumentala. Bukatzeko, otamena izango da.
Baztarrikaren heriotzak, alkatea galtzearen saminaz gain, aldaketa politikoa eragin zuen Ataungo Udalean, hurrengo alkatea izendatzerakoan. HBk 1979tik zeukan alkatetza kendu zioten udalbatzako beste hiru alderdiek. Herri Batasunak gehiengo sinplea zeukan, lau zinegotzirekin, eta EAk, EEk eta EAJk bat hartuta —bost boto— Iñaki Auzmendi jarri zuten alkate (EA).
Auto istripuan hila
Hamar hilabete doi zeramatzan alkate Baztarrikak, 1988ko urriaren 30ean hil zenean. Zirkulazioko istripuan zendu zen, Legorretan, afari batetik neskalagunarekin eta haren anaiarekin Donostiatik bueltan zetorrela. N-1 autobidea orduan Legorretan bukatzen zen, eta bide zaharrera sartzen ari zela, tren geltoki pareko bidegurutzean, herri aldetik zetorren autobus batek stopa egin ez, eta ataundarren kotxea jo zuen. Buruan hartu zuen kolpea, eta bertan hil zen. 25 urte zituen.
Arinek eta Zubizarretak Kaxioren biografia jaso dute dokumental batean, irudiekin, haren ahotsarekin. «Gaurko gazteek ez dakite haren berri, eta nor izan zen jakiteko prestatu dugu», dio Jexux Arinek.
Hiru pertsona elkarrizketatu dituzte: Jose Luis Eskisabel lagunmina eta ikaskidea; Karmele Aierbe alderdikidea, eta Joxe Baztarrika aita. Kaxioren bizitzako arlo bana gogoratu dute.