Eguraldiaren menpe, lanak ere geldi
Zer esan ugari ematen ari da aurten eguraldia. Hemen ez ezik, kanpoan ere kalteak eragiten ari da euria; larri askoak tokika, Nafarroako Erriberan esate baterako. Hala ere, lehen zainzuriak bildu ahal izan dituztenak komertzializatzen hasi dira dagoeneko. «Hauek Sartagudakoak dira, Cadreitakoak ere izan ditugu, inguru horretan biltzen hasiak dira, baina beherago, Tutera aldean eta, traktoreak ezin dira sartu, dena ura eta lokatza dute», adierazten zigun Jose Antoniok, Rueda fruta saltegikoak. 7-10 euro artean dira lehenak, eta oraindik kilo gutxi batzuk besterik ez «6-7 kilo soilik ekarri dugu».
Zizak eta karakolak
Araban bereziki handikiro ospatzen dute San Prudentzio eguna, eta hura girotzeko edo, lehen barraskiloak edo karakolak ekarri dituzte Ordiziako azokara. Santa Maria kaleko ertzean jarri ohi duten Basoakoen postuan ziren salgai, 5 euroan kiloa.
Zizei dagokionez, joan zen astean hasitako joera are nabarmenagoa aste honetan. Kanpokoa ekartzen hasi dira, gaur hiru saltzaile baziren: betikoa Lasa, Gasteizko Garbiñe Barandiaran etortzen hasi da eta baita aipatutako Basoakoa ere. Guztira 80 bat kilo bildu ditugu 38 eta 44 euro artean kiloa. Hemengoak aldiz, hiru kilo pasatxo besterik ez, eta kiloa 50 euroan salgai. Aurtengo lehen zizahoriak ere salgai ziren 8 kilo, bakoitza 18 euroan.
Lore eta landare aukera
Eguraldi onaren iragarpena entzuten da, baina hala ere, ziurtasuna izan artean eta lurrak lehortu ezean, lanak geldi. Orain arteko zerrendari gehitzekoak , landaretan: luzokerra, kuia edo kalabaza, kuiatxoa, pipermina, italiar txorizero gozoa eta leka. Eta loreetan berriz, petunia, etxeko poz ginearra eta bikoitza eta geranio-pentsamendua. Bereziki landare saltzaileen artean kezka handitzen ari da, asteak aurrera landarea punttu-punttuan eta lana egiterik ez, ondorioz salmentak geldi. Ea iragarpenak bete eta datorren asteazkenean bezero ilarak ikusteko moduan gauden.
Arkume sasoia, azkenetan
Arkumeen salmentari dagokionean, kanpainaren azken asteetan sartu garela esan daiteke. Etxez etxeko arkume bilketari buruz ia bukaera arteko prezioa finkatu dute 3,25 euro (+BEZa).
- Prezioak