
Ataungo Udalak Kaxioren ibilbidea izendapena emango dio San Martin eta San Gregorio arteko herribideari. Konpromiso horixe hartu zuen udalak igandean, Kaxiori heriotzaren 25. urteurrenean eskaini zion omenaldi ekitaldian. Iñaki Baztarrika Kaxio alkate zela hil zen, 1988ko martxoaren 30ean, Legorretan, zirkulazioko istripu batean.
Ataungo Udalak alkate ohia «oroitu eta errekonozitu» du, herritar talde batek eskatuta San Martinen duen oroitarrian. «Udal bezala orain arte oroitu izan ez bada ere, ez dugu ahaztuta eduki Kaxio», esan zuen Eluska Aierbe zinegotziak, udalaren izenean.
Hamar hilabetez izan zen alkate Baztarrika, baina Aierbek nabarmendu du «buruan proiektu asko» zituela. «Ba omen zen bat bereziki bultzatzen zuena, San Martindik hasi eta San Gregoriora bitarteko oinezko ibilbidea. Hura martxan jarri arteko onik ez omen zuen. Ez noski gaur dagoen bezala, baina bi auzoak lotuak utzi zituen», esan zuen Aierbe zinegotziak bere hitzaldian.
Ekimen hura gogoratuz, eta Baztarrika zena oroitzeko, ibilbide horri Kaxioren izena jartzeko adostasuna azaldu zuen Aierbek. «Garai hartan, Kaxioren lankideek eta taldekideek ibilbide horri bere izena jartzeko eskatu zuten; ez zen onartu. Gaur, 25 urte beranduago, bere lagunek gauza bera eskatu digute berriz ere. Guk, herritarron aurrean, konpromisoa hartzen dugu eskaera hori martxan jariko dugula», esan zuen udal zinegotziak.
Herriaren aldeko lanaren ikur
Aierbe zinegotziaren aburuz, Kaxio «ikur» bihurtu da. «Guretzat ere ikur bat izango da, udalean herriaren alde lana egin duen ororen ikur». Ibilbidearen izendapenak horien guztien aitortza izan nahi duela gehitu zuen, «bera bezala borondate osoz udalean herriaren alde lan egiten duen oro».
Omenaldia udalak antolatu zuen, igande goizean. 1998an ezker abertzaleak Kaxioren oroimenez jarritako harriaren ondoan izan zen. Hitzaldiaren ondoren, Aierbek lore sorta oparitu zien Baztarrikaren gurasoei. Jende «asko» bildu zen. Iztartoko zubitik kalejira egin zuten oroitarriraino, txistularien laguntzaz. Txalapartariek eta Ataungo dantzariek ere parte hartu zuten. Familiaren izenean, Jexux Arinek esker oneko hitzak egin zituen.
Ekitaldiaren ondoren, Herri Antzokian Baztarrikaren biografia bildu duen dokumentala eman zuten. Jexux Arinek eta Txema Zubizarretak osatu dute ikus-entzunezkoa. Hiru atal ditu. Lehenean, arlo biografikoan, Jose Luis Eskisabel elkarrizketatu zuten, Kaxioren txikitako laguna, unibertsitatera bitartean.
Etxeko berri ere ematen du aitak. Baserriko lanetan nola laguntzen zion, edo istripuaren notizia nola jaso zuten kontatzen du Joxe Baztarrikak. Hirugarren zatian, Karmele Aierbe alderdikideak —HBko zinegotzi zen 1988an— udal gaien eta egoeraren berri eman du. Kaxioren ahotsa ere sartu dute.