Mari heldu da Murumenditik eta festa giroa herriko txoko ugaritan nabari da ia Beasainen. Atzo arratsaldean festen hasierako txupina bota zuten herriko ikastetxeetako ikasleek, eta gauean Mariren etorrerarekin lehertu zen festa. Jende ugari elkartu da erdigunean jai egunen lehen orduetan, bai atzo arratsaldean eta bai gaur ere, haurren danborradaren aitzakian. Buruhandiek eta erraldoiek haurrez inguratuta egin zuten itzulitxoa herrian, eta erraldoiek dantza ere egin dute aurten. Beste berrikuntzetako bat Zanpaldunak joaldunen irteera izan da aurten. Herriko gazte talde batek sortu du joaldun taldea, eta atzo arratsaldean egin zuten lehen saioa beasaindarren aurrean.
Auzoko festak ari dira ospatzen Eitzagan. Atzo hasi ziren eta asteazkenera arte luzatuko dira San Isidro festak, denetariko ekintzekin. Gaur arratsaldean herri lasterketa egin dute, lehenik umeek eta ondoren helduek.