Eneko Garmendiak irabazi du Gipuzkoako lokotx biltzaile txapela, Legorretan
Legorretan igandean jokatu zen Gipuzkoako lokotx biltze txapelketan Baliarraingo Eneko Garmendiak jantzi zuen txapela, final oso estuan. Segundo bakar baten aldeak ebatzi zuen irabazlearen izena, eta bost segundok podiumeko kirolarien ordena. Garmendiak 6:50 minutu behar izan zituen 50 lokotx biltzeko, 1,25 metroko tarteekin jarriak. Bigarren Gotzon Zulaikak egin zuen (6:51), eta hirugarren Jon Larragañak (6:55). Laugarren Unai Alberdi geratu zen (7:06).
Azentzio jaiak igandean bukatu ziren Legorretan, eta azkeneko ekitaldia, Gizon Pikua erre aurretik, herri kirol jaialdia izan zen. Lokotx biltze txapelketaz gain, aizkoran Gipuzkoako 2. Mailako kanporaketa ere jokatu zuten zazpi aizkolarik. Ugaitz Mugertza mutrikuarra izan zen onena (8:48), Mikel Larrañaga azpeitiarra bigarren (10:09), eta Joxe Mari Telletxea oiartzuarra hirugarren (10:53). Lau enbor ebaki zituzten. Hiru aizkolari horiek Usurbilen jokatuko den finalera sartu dira.
Azentzioak giro ederrean
Festa-giro aparta izan dute legorretarrek Azentzio jaietan, aurreko asteazkenetik igandera. Asteburuan murgilduta, larunbateko mozorro eguna aipagarria izan zen. Herritar asko irten zen eguerdian kalera; aurten mozorrotzeko gaia librea zuten.
Larunbat eguerdian, ohiturazko txakolin dastaketaz gain, 31. Paella Lehiaketan, 15 taldek edo kuadrillak parte hartu zuten. Ezereza taldeak egin zuen paella onena, epaimahaikoaren iritziz. Lagun arteko bazkaria plazako pilotalekuan bertan egin zuten.