
Landare saltzaileek izan dute aspaldi zain zeundeneko lan aldia. Berriz ere ekaitz hotsak dabiltza eta inork gutxi ahazten baldin baditu ere, «egin ezean jai, eta arriskua behintzat hartu beharko da» entzun dugu landareak erostera propio joandakoen artean. Aukera aparta dago, udako ez ezik udazkenari begirako landareen artean, eta orain eguraldiak portatu behar du.
Umore puntuan «astearteko eguzkiak bentajatxoa egin die tomatei, eta lotsatzen hasi dira» dio Joxe Mari Uzinek; izan ere tomate ale ederrak bai, baina ezin gorritu eguzki faltan.
Fruitu eta barazki berriak
Zerrenda handitzen ari da poliki-poliki, atzokoan aipagai: goizeko gerezia 4 euroan salgai kiloa eta merkexeago ale txikiagoa. Luzokerra edo pepinoa, Ibarrako negutegikoa 0,80 euro bakoitza. Tipula gorri buruzabala ere hasi da 1,20 euroan hiruko sorta, burua ez ezik landare berdea ere fresko askoa, dena baliatzeko modukoa. Baratzuri buruak ere ikusi genituen postu pare batean, eta lehen hauek 0,50 euroan bakoitza.
Azken asteetan izan diren udaberriko produktu berrietan erreparatuz: Merkatzen ari dira baba (2-3€/k) eta baita ilarra ere (8-10€/k), bai bata eta bai bestea leka eta guzti, noski. Leka 4 euroan kiloa eta patata berria 2 eta 3 euro artean salgai da kiloa, oraindik oso postu jakinetan negutegikoak baitira orain artekoak.
Ziza urte txarra izan dela hemengoa hitzetik hortzera dabil. Aldiz, feriara ekartzeko adina inguratzen dituzte hiru saltzaileren artean –Lasa Hernanikoa, Barandiaran Gasteiztarra eta Basoa enpresa–. Atzo 340 kilo baziren guztira, 10 eta 32 euro artean salgai. Asun Etxeberria Zaldibikoak berak bildutako kiloa zuen salgai 30 euroan. Onddoak, berriz, 118 kilo batu genituen, 15 eta 24 euro artean salgai, eta baita zizahori batzuk ere.
Eguraldiaren laguntzaz feriak ere askoz gustagarriagoak bilakatzen dira erosleentzat eta saltzaileentzat; atzokoa adibide.