
Etorkinen arazoei eta integrazioari buruz hitz egin dute Beasaingo Bategite elkarteko Pedro Urretabizkaiak eta EH 11 Kolore herri mugimenduko Xabier Mendigurenek Segura Irratiko Bixibixi saioan. Solasaldia Goierriko Hitza-k antolatu du eta Ane Arrieta kazetariak gidatu du. EH 11 Kolore herri mugimenduak iaz hasi zuen bere ibilbidea, eta aurkezpen ekitaldia abenduan egin zuen. Mendiguren ezkiotarra da bozeramalea eta irratsaioan egitasmo hau euskalgintzako jendeak eta etorkinekin lan egiten dutenak bultzatu dutela esan du. Dagoeneko alderdi politikoekin eta sindikatuekin ere elkartu dira, egitasmoa indartzeko asmoarekin.
EH 11 Kolore Gipuzkoan sortu da, baina Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara zabaldu nahi dute. Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso dute eta gainontzeko instituzioen atxikimendua lortzeko lan egiten ari dira. Gainera, Euskal Herriko herrialde guztietako 800 herritarren atxikimenduak lortu dituzte jada.
Bategite, berriz, duela lau urte sortu zen, Beasainen. Urretabizkaia bera izan zen bultzatzaile nagusia. «Asko bidaiatzen dudanez, etorkinen arazoek bereziki kezkatzen naute. Etorkinak gaizki bizi dira eta senegaldar batekin batera euren bizimodua hobetzeko zer edo zer egitea erabaki nuen», azaldu du.
Janaria ematen diete 200 lagunei eta ikastaroak antolatzen dituzte, besteak beste. Baina, EH 11 Kolorekoek bezala, integrazioaren alde ere lan egiten dute. Euren helburuetako bat kanpotarrei «Euskal Herria izeneko herri batera etorri direla eta euskara ikastea ezinbestekoa dela» jakinaraztea da. Arrazakeriaren aurka ere borrokatu nahi dute.
Musika eta gastronomia
Horretarako onena, elkar ezagutzea da. Bategitek Inmigrazio Eguna antolatu du igande honetarako. Beasainen ospatuko dute. Herrialde ezberdinetako produktuak salgai jarriko dituzte eta zazpi arroz mota dastatzeko aukera egongo da. Arratsaldean senegaldar batek perkusio tailerra egingo du eta Kubako musika talde batek joko du. Gainera, emakume etorkinak Beasaingo ikastetxeetara joan dira azken aste hauetan euren esperientzia azaltzera. Helburua «haurrei guztiok berdinak garela erakustea eta arrazakeria saihestea da».
EH 11 Kolorek, berriz, Aniztasunaren Eguna ospatu zuen joan zen astean Donostian, eta urtero hiri ezberdin batean antolatzeko asmoa dute. «Gure helburua jendeak aniztasuna ona dela, denok eskubide berberak ditugula eta guztion artean herri bat eraiki behar dugula ikustea da. Herri hori Euskal Herria da eta bere hizkuntza euskara», zehaztu du Mendigurenek.
Hemengoak eta hangoak gerturatzeko bi tresna eraginkor musika eta gastronomia dira. Donostian elkartu ziren guztiek Uxue Alberdi bertsolariak idatzitako letra duen Aniztasunaren kanta abestia jo zuten. Gainera, 4.000 pintxo banatu zituzten.

Baina dena da gutxi integrazioa lortzeko. Mendigurenen eta Urretabizkaiaren ustez, arazo nagusia ez da arrazakeria, harrera Espainiaren esku dagoela baizik. «Espainiara etorri direla esaten dietenez, tokian tokiko harrera ezinbestekoa da. Gure helburuetako bat harrera guk egin ahal izatea da», aipatu du ezkiotarrak.
Beasaindarra iritzi berekoa da. «Madrilen Harrera legea delakoa prestatzen ari dira, eta oso gogorra izango da. Etorkinei laguntzen dienak kartzela zigorra jasoko du».
Bestalde, etorkinez ari denean, ijitoez eta frankismo garaian Espainiatik etorritakoez ere ari dela azaldu du. «Eurekin ere lan egin nahi dugu. Lan handia dago egiteko, bere garaian ez baitzitzaien behar bezalako harrera egin».
Etorkinak lanerako prest daudela diote biek. «Euskarari dagokionez, adibidez, eurak ere konturatu dira hemen bizitzeko ezinbestekoa dela», zehaztu du Mendigurenek. «Gainera, hemen beste toki batzuetan baino hobeto hartzen ditugula diote», gehitu du Urretabizkaiak.