Goierritik Alaskara, McKinley tontorrera
McKinley Ipar Amerikako mendi altuena da, 6.194 metrorekin, eta bihar beteko da mende bat gizakiak mendi hau lehenengoz igo zuenetik. Hudson Stuck, Harry Karstens, Walter Harper eta Robert Tatum estatubatuarrek lortu zuten balentria, eta 100 urte geroago goierritarrak heldu dira bertara. Koke Lasa ormaiztegiarra, Kepa Urmeneta eta Bomi Martinez legazpiarrak eta Aitzol Telleria zeraindarra Alaskan izan dira maiatzean, McKinley mendian –Denali, bertako hizkuntzan– .
Lasa, Urmeneta, Martinez eta Telleria esperientzia handiko mendizaleak dira, eta lauen artean beteranoeta Lasa ormaiztegiarra. Sei zortzi milako igo ditu, besteak beste. Urmeneta eta Martinez legazpiarrek eta Telleria zeraindarrak ere mundu osoko mendiak igo dituzte.
Alaskako McKinley ez zuten ezagutzen, ordea. Urmeneta zen bertara joateko gogo gehien zuena: «Aspalditik bertara joateko asmoa zuen. McKinley gora eta McKinley behera zebilen beti eta aurten, azkenean, joateko aukera izan dugu», aipatu du Telleriak.
Mendi berezia dela dio zeraindarrak, «Alaskan dagoenez, oso iparraldean dago: latitudea 63 gradukoa da, eta munduko mendirik hotzena dela diote. 6.000 metroko altuera du, baina bere kokapena dela eta, Himalaiako 7.000 metroko mendietan bezain oxigeno gutxi dago», azaldu du. Une oro elurra eta izotza zapaldu dituzte. «Hura merenge bat da. Izugarri polita da, baina ez genuen uste horrenbeste sufrituko genuenik».
Alaskan ere, Goierrin bezala, maiatza sekula baino hotzagoa izan da. «Hara ere udaberria atzerapenarekin heldu da eta hotz handia jasan behar izan dugu. Martxoko eguraldia tokatu zaigu. Gainera, haizea egin du. Ekaitza botatzea eta lauzpabost egun itxaron beharra normala da, baina Poloko hotz-bolada tokatu zaigu. Ez zuen elurrik botatzen eta askotan oskarbi zegoen, baina haizeak ebaki egiten zuen. Ezin genuen dendatik irten. Ondoren, zikloia heldu zen, haizearekin eta elurrarekin», esan du Telleriak.
Hori dela eta, hamaika egun eman zituzten laugarren kanpamentuan. «30 kilometro ordutik gorako haizearekin ez igotzea gomendatzen dute. Izan ere, izozteko arriskua oso handia da. Horrenbeste egun zain egon beharra oso aspergarria izan da, eta eguraldi epelagoa egin izan balu, gauza gehiago egiteko aukera izango genuen. Baina hotzarekin ez dago ezer egiterik. Apenas genuen kanpora irteterik».
Etxera itzuli baino bi egun lehenago lortu zuten gailurrera heltzea. «Halako batean eguraldi ona tokatu zitzaigun, 20 gradu zero azpitik eta oskarbi, eta gailurrerantz irten ginen», kontatu du zeraindarrak.Teknikoki, ez da mendi zaila McKinley, eta «toki zailenetan sokak jarrita daude. Hala izango ez balitz, igoera zaila izango litzateke», zehaztu du.
Hala ere, «hiruzpalau tokitan 50-60 graduko aldapa dago eta bi arista arriskutsu daude. Argi ibili behar da, goitik beherakoan batez ere», azaldu du Telleriak.
Zailtasunak zailtasun, gozatzeko aukera ere eduki dute lau goierritarrek Alaskako abenturan. Izan ere, McKinley Himalaia baino lasaiagoa da eta mendiaz gozatu ahal izan dute. «800 lagun baino gehiagok eman dute izena aurten eta dagoeneko 400 baino gehiago pasa dira bertatik, baina mendian gora oso jende gutxirekin elkartu gara. Gu heldu ginenean, bost igoera bakarrik zeuden erregistratuta. Eguraldi txarra dela eta, jendea ez da igotzen ari».
Lau euskaldunek, beste askok ez bezala, hotzari aurre egitea lortu dute. Dena den, Telleriak hotzera egokitzeko ez dutela ezer berezirik egin dio: «Bomi Irlandan bizi da eta berak han egin du prestaketa. Gainontzekook, aurten hemen ere elur asko egin duenez, asteburuetan Aizkorrira joan gara. Pirinioetara apenas joan gara».
Hiru aste eman zituzten Alaskan eta maiatzaren 26an itzuli ziren. Egun gutxi igaro dira ordutik eta oraindik ez dute etorkizuneko egitasmoez hitz egin. Hala ere, epe motzera behintzat, etxe inguruan geratzea da plana: «Hurrengo espedizioa Urbiara izango da, plater konbinatu bat jatera. Baina oraindik ez dugu egunik jarri, hemen ere eguraldi onaren zain baikaude!», dio zeraindarrak. «Hemengoa hangoa baino hobea da, baino hau ere ez da oso atsegina!», gehitu du.