
Idiazabaldarrak Kirol Astea ospatzen ari dira. Dagoeneko hiru hitzaldi eman dituzte. Asteartean Gorka Zudairek nesken kirolaz hitz egin zuen, atzo Jon Erguin triatloilari beasaindarraren txanda izan zen eta gaur, 19:00etan, Jon Ander Albisu eta Joseba Ezkurdia pilotariak euren kirolaren inguruan mintzako dira udaletxean. Astebururako ere makina bat ekitaldi antolatu dituzte.
Kirol Astea iaz egin zen lehenengoz. Eguraldi txarra zela eta, San Blas jaietako ekitaldi asko bertan behera gelditu ziren eta Kirol batzordeak ekainean berriro antolatzea erabaki zuen.
Aurtengo ekitaldi gehienak asteburu honetan egingo dira. Bihar Axari Trail mendi lasterketa aurkeztuko dute. Herriko mendi lasterketa taldeak antolatu du, Kirol batzordearen ekimenez. Mikel Garmendiaren oroimenez egingo da. Idiazabaldar hau duela hiru urte hil zen. Korrikalari amorratua zen eta urtero Zegama-Aizkorri maratoia egiten zuen. Axari Trail lasterketako korrikalariek Garmendiak entrenatzeko egiten zuen ibilbidea osatuko dute: Atxurbira joango dira, ondoren Atxura eta Etxegaratera eta hemendik herrira itzuliko dira. Ibilbideak 25 kilometro ditu eta 1.550 metroko desnibela. Lasterketa irailaren 15ean izango da eta izen-ematea ekaina erdialdean irekiko dute. Web orria ere prestatu dute eta bertan eman ahal izango da izena: axaritrail.wordpress.com.
Larunbat eguerdiko txirrindularitza proba ere azpimarragarria da. Lasterketa herrikoi hau aspalditik antolatzen da. Parte hartzaileek herriari bi buelta emango dizkiote eta Albitsura igoko dira. Ondoren Albitsura erlojupeko igoera egingo dute.
Bestalde, larunbat arratsaldean herriko neskek futbol txapelketa jokatu behar dute. Sei taldek parte hartuko dute eta garai batean herriko taldean jokatzen zuten hainbat neska ere animatu dira. Futbolak arrakasta izan du beti Idiazabalgo nesken artean. Aurten areto futbol taldeak Euskadiko Kopa irabazi du.
Egitaraua
Ostiralean
-19:00. Axari Trail mendi lasterketaren aurkezpena udaletxean.
-19:30. Mendi lasterketa selekziokoekin solasaldia.
-22:00. mus txapelketa gaztetxean.
Larunbatean
-Egunean zehar. Herriko pilota txapelketa Igarondon.
-12:00. Txirrindularitza proba eta Albitsura krono-igoera. p14:00. Futbolarien bazkaria kiroldegian.
-16:00. Herriko nesken futbol txapelketa.
-19:00. Pilota txapelketaren finala.
-Ondoren. Areto futbola sustatu dutenei omenaldia eta kantujirakoekin triki-poteoa pilotalekutik abiatuta.
-21:00. Bertso afaria Aitor Sarriegi eta Sebastian Lizasorekin Arretxe elkartean.
-Gauean. Gaztetxean kontzertuak.
Igandean
-08:00. Arabako Izki parke naturalera irteera (plazatik).
-09:00. Haurrentzako mendi irteera (plazatik).
-16:00. Haurrentzako jolasak plazan eta futbito zelaian eta merienda.
-18:00. Apar festa.