
Goierri eta Tolosaldeako LAB sindikatuek pasa den maiatzaren 30eko greba orokorra nola joan zenaren inguruan balorazioa eman du gaur goizean. Beasaingo LABen egoitzan batu dira Jon Loinaz, Oihana Lopetegi eta Haizea Mendia eta azaldu dute “salbuespenak salbuespen langileriak eta jendarteak greba egiteko arrazoiak ulertu dituela eta borroka eta alternatiba indartuta” atera direla grebatik.
Goierri eta Tolosaldean greba “oso ookorra” izan dela azaldu dute eta eskerrak eman nahi izan dizkiete langileria guztiari, orokorrean jendarte osoari eta komertzioek emandako erantzuna ere azpimarratu nahi izan dute. Halere “Goierriko zenbait kooperatibekin zenbait zailtasun” izan zituztela ere azaldu dute, eta “murrizketak, lan baldintzak okertzea, prekarietatea… nagusi den momentu honetan elkartasun falta izugarria erakutsi dutela” azaldu dute.
Bestalde, gaur Karta Sozialaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute “gure ekonomiaren eta gure baliabideak euskal herritarren zerbitzuan jartzeko eta bertan bizi garen pertsona guztiok bizi-baldintza duinak eskuratu ahal izateko”. Honi lotuta aurrerantzean emango duten eztabaidan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.