Haurrei eta gazteei zuzendutako hamaika ekintza izango dira uztailean
Goierri San Joanak ez geroztik oporretan dira haur eta gazte gehienak. Hain zuzen, beraiei zuzenduta makina bat ekintza antolatu dituzte uztailerako Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalek, kirol zerbitzuek eta talde ezberdinek.
Astelehenaz geroztik, esaterako, martxan dira Legazpin udalekuak. Aurten, 183 haur eta gaztek hartuko dute parte bertan, hamabost taldetan banatuta, iaz baino 44 gutxiago. Guztira 26 hezitzaile arituko dira lanean, horietatik 20 kontratuarekin eta gainerakoak praktiketan.
Legazpiko Nerabe Zerbitzuakek ere «eskaintza oparoa» eta «ordutegi bereziak» ditu ekainetik. Haur eta gazteentzako ekimen ezberdinak antolatu dituzte. Bihar eta etzi, adibidez 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzendutako binakako pilota txapelketa izango dute, eta uztailaren 8an izozki txapelketa. Uztailaren 10etik 12ra ospatuko da futbito txapelketa, eta uztailaren 17a eta 24a bitartean graffiti saioak egingo dituzte Gazte Txokoan. Uztailaren 24an bazkari festa egingo dute.
Liburuak baita udan ere
Urretxuko kirol zerbitzuek ere uda sasoirako zenbait ekintza antolatu ditu. Gaur hasi eta hilaren 24ra bitartean ikastaro berriak eskainiko dizkiete erabiltzaileei. Haur eta gazteei zuzenduta multikirola, irristaketa, erraketa kirolak, esku pilota, gaztespinning, kick boxing, yoga txiki eta muskulazio hastapena antolatu dituzte, besteak beste.
Gainerakoan, udan irakurtzeko ez da aitzakiarik izango. Legazpiko udal liburutegian Biblioporrak kanpaina martxan da beste urte batez. Honen bitartez, haurrei liburuak gomendatzen zaizkie, uda garaian ere irakur dezaten. Urretxuko udal igerilekuan ere, Bibliopiszina izango da aurten aukeran, hau da, udako liburutegia igerilekuan. Gainera, haurren gunea ere antolatu dute, beste behin, ohe elastikoekin, jolasekin…