
Urretxuko Udalak iaztik martxan duen parte hartze prozesuaren baitan bilerak egingo ditu berriz herriko zenbait auzotako ordezkariekin. Bigarren erronda honetako bileren helburua aurrez adostutako proiektuak egin diren hala ez baloratzea, zein fasetan dauden aztertzea eta auzotarren ekarpen berriak jasotzea izango da.

Argixao Amorous egoitzako langileek, orain bi hilabete greba mugagabeari ekin ziotenean, uztailaren 7rako –herenegun– gatazkari irtenbidea emango ziotela uste zuten. Herenegundik, Espainiako gobernuak duela urtebete indarrean jarritako lan erreformaren menpe daude, lurraldeko lan hitzarmena ezerezean geratu baita sindikatuen eta patronalaren arteko akordio faltagatik. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundia ari da Gerozerlan enpresarekin negoziatzen. Edozein modutan, Ainize Sudupe langilearen arabera: «Ez dugu uste estatuko ituna aplikatuko digutenik».

Urte bete pasatxo da Iñaki Kerejeta, Iñigo Herce eta Ramon Aztiria herritarrak errenta baxua duten familientzako janari biltzen eta banatzen hasi zirela. Udalak Pagoeta auzoan utzitako lokal batean egiten dute hilero janari banaketa behar gehien dutenen artean. Bergarako elikagaien bankutik hartzen dute banatzen duten janari gehiena, baina otarrak hornitzeko urtean bi janari bilketa egiten dituzte Urretxun eta Zumarragan.


