Liburu aurkezpena eta tailerrak, transfeminismo jardunaldietan
Eraldatzen elkarteak antolatuta, Malditas, una estirpe transfeminista (Txalaparta, 2014) liburua aurkeztuko du gaur Itziar Ziegak 19:30ean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpenarekin hasiera emango diete Transfeminismoruntz Eraldatzen jar...
Eraldatzen elkartea orain hamar urte inguru sortu zuten arren, aurten belaunaldi aldaketa egin dute, eta emakume gazte batek hartu du elkartearen gidaritza. Ipar bila ari dira feminismoaren barruan, eta nondik jo ebatzi asmoz antolatu dituzte jardunaldiak.
Gaurkoan, Itziar Zigak bere liburuan egin duen feminismoaren genealogiari helduko dio. Izan ere, Zigaren ustez, «asko dira emakumeoi usurpatu digutena, memoria ere ezabatu nahi digute. Liburuan feminismoaren historia bakar hori ukatu nahi izan dut».
Furia kantuan
Bihar eta etzi Santa Barbara aterpetxeak Tere Maldonado filosofia irakasle eta militante feministaren Jatorriak: feminismo erradikala hitzaldia hartuko du goizean. Arratsaldean mahai ingurua egingo dute, non transfeminismoaren nondik norakoei buruz arituko diren. Mahai inguruan parte hartuko dute: Itziar Ziga, Dunia Muthi MDMA taldeko militante feminista eta Beatriz Zalakain Garaipen taldeko militante feminista.
Etzi, ekonomiari helduko diote 11:00etatik aurrera. Hain zuzen, Madrileko kolektibo batek ekonomia transfeministari buruzko hitzaldia egingo du. Arratsaldean, sareak eta kaleko ekintzak egingo dituzte, eta gauean, Furia rap kantariak kontzertua eskainiko du 23:00etatik aurrera Santa Barbaran bertan.
Furia Urola Garaiko Jabekuntza eskolako rap tailerreko irakaslea da. Tailerraren barruan egindako bideoklipak irabazi du aurtengo Beldur Barik saria.













