Berrikuntza eta lankidetza ipar hartuko ditu Uglek datozen lau urteetan
Lanbide eskolaren lehen txostena aurkeztu dute. Jasotako bi sarien berri eman dute. Zertan ari diren eta aurrera begira zer egiteko asmoa duten agertu dute eskolako arduradunekUrola Garaiko Lanbide Eskolak (Ugle) egin duen lehenengo memoria eskuetan, e...
Lanbide eskolaren lehen txostena aurkeztu dute. Jasotako bi sarien berri eman dute. Zertan ari diren eta aurrera begira zer egiteko asmoa duten agertu dute eskolako arduradunek
Urola Garaiko Lanbide Eskolak (Ugle) egin duen lehenengo memoria eskuetan, eskolaren egungo jardunaren eta datozen erronken berri eman dute Aitor Uragan zuzendariak eta Xabier Arratibel lehendakariak. Datozen lau urteetako plan estrategikoa prestatzen ari dira, helburuak finkatzen, alegia. Plan estrategiko horretan berrikuntza alorrari toki nabarmena egin diote, baita proiektuak erakunde publikoekin zein pribatuekin garatzeari ere.Uglen ikasturtean zehar egin dituzten ekintzen berri ematen dute txostenean. Paper formatuan testu guztiak euskaraz idatzi dituzte eta gaztelaniaz nahi izanez gero, eskolaren webgunera jo daiteke (ugleskola.org). Txostena erakundeetan banatzeko asmoa dute eta eskuratu nahi duenak eskolan bertan hartu dezake. Memorian, bide batez, eskolaren lan ildoak batu dituzte. Datu akademikoak, praktiken berri eta irteeren argazkiak bildu dituzte, besteak beste. Arratibelek datu esanguratsu bati egin zion azpimarra: «Iazko ekaineko neurketaren arabera, enpresatan praktikak egin zituzten ikasleen %56,6 kontratuarekin lanean geratu ziren».
Eskolak abiarazi dituen pintura eta margotze ildoa nahiz eraginkortasun energetikoa eraikuntzan alor berria ere azaldu dituzte txostenean. Horrez gain, ez dituzte soilik ikasleen proiektuak aletu, eskolak berak erakundeekin burutzen dituenen berri ere eman dute. Erasmus programak eta irakasleek atzerrian egindako trebakuntzak azaldu dituzte memorian; aurten, Italia, Holanda, Japonia, Polonia eta beste hamaika lekutan egon dira Uglekoak.
Filosofia eta ortoprotesika
Praktikekin lotuta berritasun bat jarri dute martxan aurten. Ikasleek ikasketekin jarraitu eta aldi berean egiten dituzte praktikak, orain arte lehenengo ikasketak amaitu eta gero egiten zituzten. Ekintzaile zaletasuna sortzeko, bestalde, Egoki proiektuaren baitan lanean ari dira.
Bi sari jaso dituzte aurten, biak Espainia mailakoak. Filosofiaren esparruan Fernando Savater Filosofia de Urgencia saria eman diete Batxilergoko lehenengo mailako ikasleei. Urangaren hitzetan, «epaimahaikideek lanaren zorroztasuna eta originaltasuna baloratu zuten». Ortoprotesikaren alorrean ere, Maite Lasa lehenengo promozioko ikasleak sari bat jaso du.
Ez da ortoprotesikaren eremuan egiten ari diren lanak eman dien poz bakarra. Ortopedia Care kongresuan ponentzia bat aurkeztu zuten antolatzaileek hala eskatuta, «eskaera egin dioten eskola bakarra gara», esan zuen Arratibelek. Software berezien gaineko hitzaldia egin zuen eskolako irakasle batek.
Berrikuntzaren esparrua jomugan, Uglen proiektu ezberdinak garatzen ari dira eta garatuko dituztela adierazi zuen Arratibelek, «garapenaren alorrean berrikuntza ezinbestekoa da». Lankidetzari dagokionez adierazi zuen, «egoera guk nahiko genukeena ez bada ere, erakunde publikoekin zein pribatuekin lankidetzan arituko gara».













