Ormaiztegin, Larrinaga alkate eta Ion Izagirre lehendakari
Arabarrak irabazi du, zortzigarren aldiz, Ormaiztegiko ziklo-krosa. Eider Merino nagusitu da nesketan. Movistar agurtu du Izagirrek (8.), oparia eta saria herrian utzitaHistorikoen baimenez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Ormaiztegiko ziklo-kros proba ba...
Arabarrak irabazi du, zortzigarren aldiz, Ormaiztegiko ziklo-krosa. Eider Merino nagusitu da nesketan. Movistar agurtu du Izagirrek (8.), oparia eta saria herrian utzita
Historikoen baimenez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Ormaiztegiko ziklo-kros proba bat eginda geratuko dira. Larunbatean, Urtezahar egunez, zortzigarren aldiz irabazi zuen 37 urteko ametzagarrak zubipean. Goiz-eguartean jokatu zen 46. Ziklo-Krosa, estatuko zaharrena; seitik bat Larrinagarenak dira.Bere merituz eta kemenez irabazi ere. Ismael Esteban espainiarra zen faborito, baina bigarren itzulirako buruan zen Larrinaga. Azkenerako, Estebanek bizikletarekin arazoak eduki izana ere mesederako izan zuen.
Ordubeteko lanean, Larrinagaren atzetik Aitor Hernandez ermuarra —iazko garailea— sailkatu zen bigarren; Legazpin eta Beasainen ere txapeldunorde izan zen. Hirugarren sartu zen Ismael Esteban, 37ra.
Ion Izagirreren oparia
Ormaiztegiko ikusleentzat opari berezia egin zuena Ion Izagirre izan zen. Movistar taldean hiru urteko ibilbideko azken eguna zuen, eta herkideen aurrean eta herriko ziklo-kros proban ospatu nahi izan zuen. Agurain bizilekutik errepideko bizikletaren gainean etorri zen; bi beteranoko utzi zizkioten ziklo-kroserako bizikleta bana, eta 8. postua lortu zuen helmugan. Zegokion diru saria, gainera, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteari eman dio. Bere presentziaren oparia gutxi balitz, saria ere herrian utzi zuen.
Emakumeetan Eider Merinok (Lointek) ez zuen estuasunik izan. Zaloa Trevilla eta Lierni Lekuona igo ziren podiumera.
Goiza hotz esnatu zen Ormaiztegin, izotzez zuri. Zirkuituan (2.500 metro luzekoa) aldaketa batzuk egin dituzte aurten; Antoneneko zelai burura igoera zaildu dute, zubi azpiko pistatik zelaira aterata. Ibilbidean lokatz handirik ez zen sortu, lurra lehor eta gogor zegoelako.
Euskal Herriko ziklo-kros denboraldiko azkeneko proba zen.
Duela 50 urteko proba irabazi zuen Alfredo Irusta Irusta (Ampuero, Kantabria, Espainia, 1934) omendu zuten antolatzaileek. 1966an irabazi zuen Ormaiztegin; urte hartan, baita Espainiako Ziklo-Kros Txapelketa ere (1969an eta 1971n ere txapela jantzi zuen). 1960tik 1972ra bitartean izan zen ziklista profesional. Ortuellan (Bizkaia) bizi da gaur egun. Haren seme Alfredo Irusta Sampedro ere profesionala izan zen. Lehen ziklo-krosa 1962an egin zuten Ormaiztegin.