Errekorren urtea Zegaman
Stian Angermund-Vikek eta Maite Maiorak irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Biek errekora hautsi dute. Lehen goierritarrak Aritz Egea eta Elena Calvillo izan diraBorobila. Halakoa izan da aurtengo Zegama-Aizkorri. Are gehiago, iazkoarekin alde...
Stian Angermund-Vikek eta Maite Maiorak irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Biek errekora hautsi dute. Lehen goierritarrak Aritz Egea eta Elena Calvillo izan dira
Borobila. Halakoa izan da aurtengo Zegama-Aizkorri. Are gehiago, iazkoarekin alderatzen bada. Iaz euria eta hotza izan ziren protagonistak eta korrikalariei, ikusleei eta antolatzaileei sufritzea tokatu zitzaien. Asteburu honetan, berriz, eguraldia primerakoa izan da eta guztiek gozatu dute. Irabazleek, Stian Angermund-Vik norbegiarrak eta Maite Maiora mendaroarrak, errekorrak hautsi dituzte. Goierritar onenak Aritz Egea urretxuarra eta Elena Calvillo beasaindarra izan dira. Egea laugarren izan da, inoiz euskaldun batek egin duen denbora onenarekin. Calvillo 17. sailkatu da.Gizonezkoen artean faborito nagusia Kilian Jornet izaten da beti. Aurten, Himalaian dago, eta hori dela eta, pronostikoak inoiz baino irekiagoak ziren. Euskaldunek Aritz Egearen garaipenarekin amets egiten zuten, denboraldi bikaina baitarama. Bazirudien Egeak bere ametsa bete zezakeela, maratoiaren lehen zatia lasterketa buruan egin baitzuen Ismail Razga santurtziarrarekin eta Ruy Ueda japoniarrarekin.
Angermund-Vikek denak aurreratu zituen, ordea. Aketegin jarri zen buruan, 23. kilometroan. Ostiralean kilometro bertikala irabazi zuen, marka berria ezarrita, baina argi dago Zegamara sasoi betean etorri zela. Bi probetan marka onena ezarri zuen. Maratoian Jorneten marka jarri 3:30ean hobetu zuen 3:45:08 da marka berria. Atzetik Di Gasperi eta Lauenstein sartu ziren. Italiarrak ere Jorneten denbora hobetu zuen. Egeak Euskadiko errekorra ezarri zuen: 3:55:41.
Emakumezkoen artean, Maite Maiora nagusitu zen. Berak ere errekorra ezarri zuen: 4:34:27, Emanuela Briziok 2009an egindako denbora ia lau minututan hobetuz. Helmugan bigarrena Silvia Rampazzo italiarra izan zen eta hirugarrena Sheila Aviles kataluniarra.
Angermund-Vik, txundituta
Angermund-Viken garaipenak ezin dira sorpresatzat jo, munduko txapelduna baita bi modalitateetan. Lehenengoz etorri da Zegamara eta errepikatu egingo du. Ziur. Lasterketako giroa asko gustatu zaio. «Maite zaituztet. Hau munduko lasterketa onena da. Horregatik etorri nahi nuen, entzundako guztia bizi ahal izateko. Giroa ikaragarria izan da. Sekula halakorik ikusi gabea nintzen. Ikusleek korrika egiten jarraitzera bultzatu naute».
Norbegiar batentzat Zegama-Aizkorri irabaztea sekulakoa bada, euskaldun batentzat zer esanik ez… Maiora hunkituta heldu zen helmugara. Etxekoak, lagunak eta parean jarritako guztiak musukatu zituen. Maioraren eta Ainhoa Txurruka zuzendariaren arteko besarkada hunkigarria izan zen. Mendaroarra behin baino gehiagotan egon da garaipenetik gertu eta aurten, azkenean, lortu du. «Ametsa egi bihurtu dut. Zegama-Aizkorri nire lasterketa kuttuna da».
Egeak, berriz, urtebete itxaron beharko du gutxienez. Hala ere, oso pozik zegoen. «Eskerrak eman nahi dizkiot Jokin Lizeagari. Bere laguntzarik gabe ez nukeen hau lortuko. Pena bat da berak gaur parte hartu ez izana. Familiari ere eskerrak eman nahi dizkiot. Baita ikusleei ere. Eskerrik asko!». Bere helburua lau ordutik jaistea zen.
Calvillo ere pozez gainezka zegoen. «Sentsazio oso onak izan ditut. Eguraldi hau iazkoa baino hobea da niretzat. Nire marka hautsi dut. Nire hamargarren Zegama-Aizkorri da eta ez nuen espero 47 urterekin nire marka haustea. Gorputzak uzten didan bitartean etorriko naiz. Egun zoragarria da. Jendearen babesa ikaragarria izan da. Oilo ipurdia jarri zait ibilbideko toki askotan».













