Beasaingo elizako organoa egokitzeko diru bilketa egingo dute
1906an Parisko Merklin etxeak eraikitakoa da. Garbiketa eta pipiaren aurkako tratamendua behar ditu. 4.500 euro pasatxoko aurrekontua du. Bisita gidatua egingo dute larunbatean
Beasaingo Andre Maria Zeruratuaren elizako organoa egokitu beharrean dago. 1906. urtean Parisko J. Merklin & Cie etxeak, XIX. eta XX. mendeetako organo jotzaile ospetsuena zenak egindako organoa da. Andre Mari Zeruratuaren Parrokiako kideek jakinarazi dutenez, «organoa beasaindar guztion ondarea dugu eta orain garbiketa eta pipiaren aurkako tratamendu premian dago». 20 urtean behin egin beharreko lana izaten da eta 1993an egin zuten azkenekoz.
Alejandro Turanzas organo jotzaileak egingo ditu egokitze lanak, ekaineko hiru asteetan. Organo osoa piezaz pieza askatu eta muntatuko ditu. Egokitze proiektuaren kostua 4.588,32 eurokoa da, eta gastuei aurre egiteko, diru bilketa egingo dute herritarren artean. Iñaki Erauskinek gogoratu duenez, 1906an organua egin zutenean 10.000 pezeta bildu zituzten herritarren artean; udalak 2.000 pezeta eman zituen. Parrokiako kideek ondorengo mezua eman nahi izan die beasaindarrei: «Beasaingo Merklin organoa denon ondarea da. Lagun iezaguzu zaintzen».
Finantzaketa kolektiboa
Diru bilketa berezia egingo dute lanak ordaintzeko. «Organoak 548 tutu ditu. Beraz, tutu bakoitza finantzatuko dituen herritarrak behar ditugu, tutu bakoitza 10 eurorekin finantzatuko dituztenak». Kutxabanken eta Laboral Kutxako kontuetan egin daiteke diru ekarpena, organoa kontzeptua jarrita.
10 eta 100 euroko ekarpena egiten dutenek, Beasaingo hainbat musika taldek osatutako Loinaz 97 diskoa jasoko dute opari; eta 100 eurotik gorako ekarpena egiten duenak, diskoa eta Josetxo Zufiaurrek 2006an argitaratutako Beasaingo Musikak liburua. Beste opari bat ere izango dute diru laguntza ematen dutenek: udazken aldean egingo dute eskerrak emateko organo kontzertua.
Bisita gidatua larunbatean
Herriko ondarea den organoa ezagutzeko, larunbatean, 12:00etan, bisita gidatua egingo dute, Xabier Sarasola musikariak eta Patxi Lasa organo jotzaileak gidatuta. Elizako kideen esanetan, Gipuzkoan dagoen Merklin organo bakarrenetako bat da Beasaingoa. Organo jotzaileek oso estimatua dute gainera, bere doinuagatik. Autoen markekin konparatuz, Mercedesaren mailakoa da Beasaingo organoa.