Bi aukera, bi eredu Zerainen
EH Bilduk jarraipena eman nahi dio duela lau urte hasitako lanari eta lan ereduari. Zeraingo Herri Kandidaturak demokrazia zuzeneko gobernantza eredua jarri nahi du
Zeraindarrek bi hautagai zerrenda izango dituzte aukeran maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan: EH Bildurena eta Zeraingo Herri Kandidaturarena.
«Lau urteotan hasitako lanari jarraipena emateko gogoz eta indarrez» dator EH Bildu, Amaia Junquera buru duela, «gardentasunean eta parte hartzean» oinarrituta, «batez ere, abian ditugun lan egiteko modu berrietan sakondu» nahi dute: «Batzorde bidezko lana, herri batzarrak, eta herri batzarretako egitasmoen informazio zehatzarekin etxe guztietara urtean bizpahiru aldiz bidaltzen diren txostenak eta herritarrek urtero egiteko aukera duten udalaren balorazioa, besteak beste».
Aurreko agintaldiko herri programako lan gehienak bete dituztela eta bi proiektu handiak etxebizitza sozialak eta Aizpeako labeak eraberritzea bideratu dituztela gogoratu du. Oraingo herri programa egiteko «batzordeetatik iritsi zaizkigun eta herritarrek zuzenean egin dituzten proposamenak hartu ditugu kontuan. Dena den, malgua izango da eta osatuz joango gara hurrengo urteetan ere, herritarrekin».
Programan jasotakoen artean daude etxebizitza sozialak bukatzea eta etxebizitza beharrei erantzunak bilatzen jarraitzea, Aizpeako labeak eraberritzea, eta turismo proiektua eta hezkuntza proiektua «bere osotasunean» bultzatzea.
Zeraingo Herri Kandidaturak (ZHK) parte hartuko du aurtengo hauteskundeetan, zerrenda buruan Aitzol Telleria dela. Zeraindarraren esanetan, «Zeraingo Herri Kandidatura, zerrenda ofizialeko zazpi lagunez gain, beste 30 lagunek ere osatzen dute, aktiboki eta pisu berdinez batzordeetan eta herri bileratan jardungo dutenak».
Herri kandidaturaren lehen ekarpena «udal gestioari dagozkion gaietan herriari hitza eman eta erabakiak herritarren esku uztea» izango dela nabarmendu du. «Aterpea denon aterpe izenez aurkeztu zen berdintasunean oinarritutako eredu inklusibo hau, non organo gorena Herri Bilera izango den, eta herritar guztiek hitza eta erabakitzeko eskubidea izango duten». Honela, Telleriaren esanetan, helburu nagusia «gatazka konpontzea da, zatiketa gainditu eta guztiok tokia izango dugun Zerain eraiki eta aurrera begira jartzea. Eredu hau abian jartzea izango da ekarpenik garrantzitsuena».
Bestalde, uztailetik abendura bitartean, kanpoko teknikariek lagunduta, hausnarketa prozesu kolektibo bat egingo dutela aurreratu du ZHK-k. «Hortik irtengo da hurrengo lau urtetarako programa eta baita 2030era begirako gidalerroak ere».