Jose Antonio Garmendiak herriaren omenaldia jaso du
Legorretan kirol mailan egindako lana eskertu nahi izan die belaunaldi desberdinetako legorretarrek. Ugaro herri eskolako bi futbol taldeen arteko partidaren hasieran, ohorezko sakea atera du Garmendiak.
Garbi geratu da gaur eguerdian Legorretako Harripila kiroldegian, legorretarrek asko maite dutela Kortatu baserriko Jose Antonio Garmendia. Belaunaldi desberdinetako hainbat herritarrek, ixilean, omenaldi ekitaldia antolatu diote Garmendiari, Ugaro herri eskolako bi futbol taldeek partida jokatzen zutela aprobetxatuz.
Oroitz Jauregiren esanetan, “gaur egun gurasoak joaten dira eskola kirolean haurrak eramatera baina gure garaian bera izaten zen denerako eta berak eramaten gintuen denera. Ikusi besterik ez dago, gaurko ekitaldian bildu garenak, zaharrenetatik gazteenetara urte askotako tartea dagoela eta denokin ibili da bera. Eskerrak eman nahi dizkiogu”.
Ahoz aho antolatutako omenaldia izan da, antolatzaileek ezustekoa eman nahi izan baitie. Baita lortu ere. Garmendia kiroldegira gerturatu denean, barruan zegoen jendeak, arkuekin pasilloa egin eta txalo zaparradarekin hartu dituzte Garmendia eta bere emaztea. Kantxaren erdian zain zituen Ugaro herri eskolako bi futbol taldeak.
Jarraian, garai bateko nesken taldeko hainbat kidek, agurra eskaini diote Garmendiari. Txapela jantzi eta emazteak lore sorta jaso ondoren, herritarren besarkadak, muxuak eta eskerrak jaso ditu legorretarrak. Berea izan da gainera, gaurko partidan ohorezko sakea ateratzeko ohorea.
Herri bazkaria
Futbol partidaren ondoren, Bilkoin elkartean jarraituko du festak. Herri bazkarian 130 lagun elkartuko dira –horren berririk ere ez du Garmendiak– eta bazkalondoren oroigarriak banatuko dizkie bere ikasleak izandako hainbat herritarrek. Jexux Mari Arrizabalagaren aurreratu duenez, bertsoak, argazkiak eta beste hainbat sorpresa izango dira bazkalondorenean.
Hunkituta
Jose Antonio Garmendia Goiak 85 urte ditu eta guztiz hunkituta hartu du herritarren omenaldia, ez baitzekien herritarrek prestatu dietenaren susmorik: “Ez nekien ezer ere. Kalean ibili naiz baina ez dut kartelik ikusi”. Gaurko eguna ez du ahaztuko, “asko gaztetu egin nau. Hazi zabaldu nuen eta orain etorri da. Lan asko egin izan dut kirolaren arloan eta hazia asko zabaldu nuen, baina zahartu egin naiz eta orain hazi berria etorri da. Gaur, gaztetu egin naute”.
Garmendiaren esanetan, “ahal nuen” guztian lagundu izan du, eta “oso gustura” ibili izan dela: “Kamioiarekin ibiltzen nintzen. Bilbora joateko goizeko 7etan jaiki beharrean, 4etan jaikitzen nintzen, Bilbotik etorri, eta ondoren, entrenatzera joateko. Nire poza horixe zen”.
Futbolen, boxeoan, bizikletan, toka txapelketan… denetik ibili da Garmendia. “60 urterekin txapeldun izan ginen lagun bat eta biok tokan”.
Aitortza bat ere egin du Garmendiak: “Beti neskak gustatu izan zaizkit. Nesken taldea ere sortu genuen”.
Gaurko ekitaldian garbi geratu da, lehenengo taldeko neska haiek agurra dantzatu baitie.