Ordiziako EH Bilduk «ideia berriak eta irudimena eskaintzen dizkio Ordiziari, baina seriotasunez eta ardurarekin"
EH Bilduk Goierri mailako ekitaldia egin du Adur Ezenarro Ordiziako alkategaiarekin, Juan Carlos Izagirre diputatu gaiarekin eta Maddalen Iriarte parlamentariarekin.
EH Bilduk eskualde mailako ekitaldia egin du gaur arratsaldean Ordiziako plazan. Adur Ezenarro alkategaiarekin batera, Juan Karlos Izagirre diputatu gaia eta Maddalen Iriarte parlamentaria izan dira hizlari. Goierriko hainbat herrietako EH Bilduren hautagaiak ere bertan izan dira.
Adur Ezenarro izan da hitza hartzen lehena. Ordiziako alkategaiaren esanetan, “EH Bildun, jendartearen ongizatea norberarenaren aurretik jartzen dugu. Hori da EH Bildu. Gure izenak ezin hobeto adierazten du: Bildu, euskal herritarrak biltzen dituen proiektu kolektiboa da gurea. Ideia ezberdinen eta pertsonen errespetutik, gure proposamenak modu baketsuan aldarrikatzen eta aurkezten duen proiektua”.
Ordiziaren plaza jarri du EH Bilduren lan egiteko moduaren eredutzat: “1925ean gure arbasoek Ordiziaren motor ekonomikoa zen azoka babesteko herriko plaza estaltzea erabaki zuten, modu berritzaile eta original batean, eta teknologia berria, hormigoi armatua erabiliz. Hori da gure eredua, eta hori da Ordiziari eskaintzen dioguna: irudimena eta ideia berriak. Baina zorroztasuna eta seriotasunarekin”. Ezenarrok gaineratu duenez, “eta ondo ari gara. Orain arte ondo aritu gara eta gure ideiak eta proposamenak oraintxe bertan Ordizian egiten ari dira. Nahiz eta nola kopiatu ere ez jakin. Horregatik, behar dugu EH Bildu, gure proposamenak eta jarrerak beti direlako eraikitzaileak eta Ordiziaren aldekoak. Gazteak garelako, baina ez hasi berriak. Gure eredua auzolana delako, ez pertsonalismoa».
Igor Egurenen lekukoa hartu du Adur Ezenarrok, eta Egurenek, bertsotan pasatu dio lekukoa alkategaiari.
Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako aldundirako diputatu nagusigaia izan da hitza hartzen hurrengoa. Maitzaren 26an botoa ematera joateko deia egin die bertan bildutakoei. Izan ere, herriarekin konprometitutako herritarrak gara eta gehiengoaren beharrekin bat egiten duten proiektua da EH Bildurena. Jendea irrifartsu dago, bizirik dago eta hori da gure inkesta onena. Benetan esaten dizuet: aukera errealak ditugu Ordizian eta Gipuzkoan lehen indarra izateko”. Izagirreren esanetan, “Gipuzkoar gehienekin konektatzeko programa eta hautagaiak ditugu. Gure nahi, desira eta aspirazioak islatuko diren erakundeak behar ditugu. Bi gauza ezinbesteko: maiatzaren 26an bozkatzea eta EH Bildu lehen indarra izatea».
Maddalen Iriartek azkenik, independientziaren aldarrikapena egitearekin batera, EH Bildu Europan izatearen garrantzia nabarmendu du: “Zer egingo duen EH Bilduk Europan? Gehiengo demokratiko indartsuak eraiki. Katalanekin, asturiarrekin, kanariarrekin, aragoitarrekin eta galegoekin. Nahi ez dugun Europa hori aldatzeko prest gaude!”.