Ordiziako kide batek "sufritu duen erasoa irmoki gaitzetsi eta salatu" du EAJ-k
EAJren esanetan, "aurreko egunetan modu ankerrean" kendu dituzten EAJko kartelak berriz jartzen zebilela beste taldekide batzuekin batera, bi pertsonen erasoa jasan du. Ordiziako EH Bilduk "gertatutakoaren bestelako bertsioak" badaudela dio eta "gertaeraren lekukotza guztiak" aztertzeko eskatu du.
Ordiziako EAJ-k jakinarazi duenez, “herriko hauteskundeetara aurkezten den gure hautagaietako bat erasotua” izan da bart Ordizian: “Aurreko egunetan modu ankerrean kendu dituzten EAJko kartelak berriz jartzen zebilela beste taldekide batzuekin batera, bi pertsonen erasoa jasan du. Bi erasotzaileek, ertzaintzak dagoeneko identifikatuta dituenak, gure laguna eta taldekidea jipoitu, astindu eta lurrera bota dute. Agresioaren ondoren, gure kidea Osasun Zentrora bideratu da lesioen partea burutzera. Indarrean dagoen protokoloa jarraituz, identifikatuak izan diren bi erasotzaileen kontra salaketa ipini du”.
Honela, Ordiziako EAJk “irmoki gaitzetsi” du “bart sufrituriko erasoa” eta bere babesa adierazi die “gure taldekide eta bere familiari. Momentu honetan sentitzen duten minarekin bat egiten dugu, guk ere ez baitugu ulertzen ezta onartzen ere, pertsona batzuentzako biolentzia erabiltzen jarraitzea legezkoa dela konprobatzen dugunean”.
EAJ-rentzat “tristea eta tamalgarria da oraindik pentsamolde ezberdinak ez direla errespetatzen egiaztatzea. Batzuen politika egiteko modua txikizioaren bidea dela eta ez arrazoiketa eta ideiak alderatzea. Onartezina da zenbait sektorek aurrera egiteko duten modu bakarra gorrotoaren eta amorruaren bidea dela ikustea, demokraziaren baloreekin talka zuzena egiten duen pentsamendu bakarra ezartzean oinarritzen dena. Ordiziako EAJtik zibismoaren, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko deia egiten dugu. Ordiziako EAJ eta beste partidu politikoetako pertsona, kartel eta ideia politikoak errespetatzea exijitzen dugu. Ezin dugu atzera egin, gure eskuetan dago”.
EH Bilduren oharra