Santa Barbara eguna ospatuko dute igandean Seguran
Azintzio egunarekin batera, igandean ospatuko dute segurarrek Santa Barbara eguna, izen bereko ermitan. 10:00etan elkartuko dira erromesak ermitaren inguruan, eta pago adarra hartu eta ur bedeinkatua erabiliz, baserriak, lurrak eta ganaduak bedeinkatuko dituzte, ekaitzetatik eta harritik babesteko. Laureano Telleriaren esanetan, tximistorratzik eta suhiltzailerik ez zen garaietan fedea eta otoitzak izaten ziren trumoi, tximista eta kazkabarraren aurka babesa eskatzeko aukera bakarra. Aurten, gainera, eguraldia lagun izango dute segurarrek.
Behin bedeinkapena amaitutakoan, meza egingo dute jarraian, auzoan hildakoen alde. Ohiturari jarraituz, Kortaberri auzokoek kafea, gailetak, pattarra, salda eta txorizoa eskainiko dizkiete bertaratzen direnei.
Datorren urtean maiatzaren 24an ospatuko dute Santa Barbara eguna eta 2021ean maiatzaren 16an.













