«Sakean eta denean asmatu beharko dut finala irabazteko»
Hiru urte geroago, frontoi berean, eta aurkari beraren aurka, buruz buruko finala jokatuko du Iker Irribarriak (Arama, 1996), lau urtean hirugarrena. Animoz gogotsu eta kolpez sendo dago.
Zer moduzko gorputzaldiaren sentitzen zara finalari begira?
Ondo. Inportanteena da buruz buruzko bi partida on jokatuta ailegatu naizela finalera, sentsazio onekin, eta inongo minik gabe. Entrenamenduetan ere ondo sentitu naiz, eta animoso nago, gogoekin. Final inportante baten aurrean nago berriz ere.
Altuna III.ari irabazteak konfiantza handia eman zizun, final baten modukoa izan zen zuretzat. Horrelako garaipen bat behar zenuen?
Bai, beti behar izaten da horrelako garaipen bat lortzea, batez ere aurreneko partida kaxkarra jokatuta [Victor hartu zuen mendean final zortzirenetan, 20-22]. Pilotariok beti saiatzen gara ondo jokatzen, eta ikusten duzunean ondo aritu zarela, animo handia ematen dizu horrek. Beti eskertzen da horrelako partida bat irabazi izana.
Finalerdietan aukerarik ez zenion eman Elezkanori. Sakean asmatzean egon al zen gakoa?
Sakean eta sake bueltan. Aurreneko pilotakada aprobetxatu nuen, aurreko pilota horretan jartzen asmatu nuen. Victorren kontra kostatu zitzaidan, baina Altunaren eta Elezkanoren aurka asmatu nuen. Eta Elezkonaren kontrakoan sakean ere asmatu nuen. Denak beharko ditut finala irabazteko.
Kolpe aldetik ikaragarri zabiltza berriz ere, gozatuz, eskuan pilota ondo sartzen zaizula…
Binakako txapelketa guztia ere ondo pasatu dut kolpez, baina binaka igoal ez da horrenbeste min egiten kolpearekin. Buruz burukoan bai. Azken hilabeteotan kolpean freskura hori eduki dut, eta mantendu egin dut. Txispako bolada horri eustea inportantea da ni bezalako pilotari jotzaile batentzako.
Finalerako sailkatu berritan iazko blokeoa gainditzea lortu zenuela, eta gakoa egunerokoan eta partidetan disfrutatzea zela azaldu zenuen. Zertan aldatu zara? Zer landu duzu?
Ez dakit esaten. Prestatzailea aldatu dut, haize berria hartu, eta ikusi zer alderditan hobetu nezakeen. Ilusioa hor jartzen baduzu, eta emaitzak ateratzen badira dena alde jartzen zaizu, eta ez bada hala, ilusio horri eusten diozu eta aurrera. Finalera ez iritsita ere, iaz gertatu zen bezala, lanari gogoarekin heltzen saiatzen naiz orain. Lehen ez nuen horren ondo pasatzen, pisu gehiago hartzen zuen emaitzak. Horretan ikasi dut.
Hiru urteren ondoren, kantxa eta aurkari berberak finalean. Ordukoan txapela jantzi zenuen. Zer oroitzapen duzu garaipen hartaz?
Oso ona! Dena ondo atera zen, eta ikaragarri gozatu nuen. Baina badakit oraingoa ez dela gauza bera izango, nahiz eta frontoia eta aurkaria berberak izan. Pilotari bakoitzaren momentua ere ez da berdina izaten, eta zaila da orduko marka hura gainditzea, baina horren atarian gaude eta saiatuko gara.
Urrutikoetxea pilotari gogorra da, serioa, opari gutxi egiten dituenetakoa…
Bai, eta gainera ondo dago! Bi espezialista handiri irabazi die, nahiz eta egia den bi aurkariek ez zutela haien egunik onena izan frontoian, baina hark ere ez zien utzi zutena ematen. Badakit partida zaila izango dela. Urruti beti dago ondo, pilota gutxi oparitzen du, eta zaila izaten da berari irabaztea.
Ahulgunerik badu, non ikusten diozu?
Bai, denok dauzkagu ahulguneak, eta denok denei irabaz diezaiekegu. Partidaren batean edo bestean beteta ikusi nuen, baina horretaz aparte, txisparekin dago, pilota oso ondo ateratzen zaio eskutik, ezkerreko besagainarekin min handia egiten du… Ez da aurkari erosoa niretzat.
Zu zure jokoa egitera aterako zara, baina gauza bat da aurrez nola jokatu pentsatzea eta beste bat kantxan hori egitea.
Aurrez pentsatutakoa gutxitan ateratzen da kantxan, baina nik nirea egingo dut. Ahal dela hasieratik jokoa menderatu, eta aukera baldin badago aurrean errematatu. Badakit ezin naizela beti atzera eta atzera aritu, badakit aurrean ere bukatu beharra dauzkadala tantoak, baina garbi daukat baita ere aurrena pilotari eman egin behar zaiola.
Aurtengoan aurrean bukatzeko nahi hori erakutsi duzu.
Izan ditudan aurkariekin, Altunarekin eta Elezkanorekin, ikusi da dena atzera joz gero ekarri egiten zutela, eta orduan bukatu egin beharra daukazu. Ni ematen saiatu naiz, sotamanoarekin mina egiten, eta ekartzen badute aurrean bukatzen. Ezin dut nire jokoa beti atzean zentratu.
Bilboko frontoia ondo ezagutuko duzue dagoeneko.
Frontoia ona da nire ezaugarrientzat, baina egia da berarentzat ere hala dela, eta asko entrenatu dela bertan. Nik ez daukat frontoiarekin kexarik.
Eta materialarekin?
Uste dut denontzako materiala egon dela, eta ez dela gehiegizko pilotarik egon. Moteletik-edo joan da, hori bai, baina norbera txisparekin dagoenean berdin izaten du. Pilota asko aipatzen da, baina pilotariaren momentua izaten da inportanteena. Batzuetan pilota ona jarrita ere ez duzu mugitzen, eta besteetan, berriz, nahiz eta pilotak gehiegi ez gustatu dena ateratzen da.
Zer egingo duzu igandean? Ohitura jakinen bat baduzu?
Ez dut mania berezirik izaten. Saiatzen naiz beti antzeko gauzak egiten. 09:30 aldera jaiki, norbaitekin edo bakarrik Ordiziara oinez joan, kafe bat hartu, pintxoren bat jan, eta etxera bazkaltzera. Frontoira bi ordu lehenago joaten naiz. Takoak nahiko azkar janzten ditut, eta hori eginda, lehen partida ikusten dut. Gainontzean, astea beteta izaten saiatzen naiz, buruak lan gehiegi egin ez dezan. Obsesionatzea ez da gauza ederra izaten.
Lan-saio gogorrak eta patxada uneak, final atariko plana
Mikel Urrutikoetxeak maiatzaren 23an iragarri zuen buruz buruko finala ekainaren 2tik 9ra atzeratuko zuela ezker eskuko mina osatzeko astebete gehiago izan zezan. Erabaki horren ondorioz, esku artean zuen plana erabat aldatu behar izan zuen Iker Irribarriak, eta enpresak, biharamunerako, partida jarri zion Irurtzunen, lehiarako erritmoa gal ez zezan. Asteburua lasai pasa zuen.
Joan den asteazkenean, maiatzaren 28an, 50 minutuko lan saio gogorra egin zuen Bilbon Altuna III.arekin, eta 31n, buruz buruzko txapeldunen bazkarian izan zen. Asteburua atsedenerako hartu ondoren, astelehenean, hilaren 3an, finalari begirako azken entrenamendua egin zuen Peio Etxeberria nafarrarekin, hori ere Bizkaia pilotalekuan. Eta gaur eguerdian frontoi berean izango da, baina oraingoan, finalerako pilotak aukeratzen.