Beasaingo joaldun taldeak entsegu irekia egingo du larunbatean
Beasaingo Zanpaldunak joaldun taldea sortu zenetik sei urtera, taldea indartzeko saiakera egin nahi dute, jende berria erakarrita.
Beasaingo Zapaldunak joaldun taldeak 2013an hasi zuen ibilbidea, «gure kulturak dituen ardaxka ugari horietako bat gehiagoz gozatzeko asmotan». Joale gazteen ekimenak harrera ona izan zuen, «joaleen zaratak Beasain zeharkatzen zutela entzuteak miresmen eta poz handia» zabaldu zuen herritarren artean, eta «esker oneko hitz asko iritsi ziren gure belarrietara».
Pixkanaka ordea, taldea txikitzen joan zen, «joaleen burrunba ahultzen hasi zela, berriro ere gure kulturaren erakusle berezienetako bat galdu arte». Sei urte beranduago, «isiltasun gorrotagarri honekin» bukatu nahi dute, «Beasainen kultura aberastu nahi eta ezin horrekin, gazteenei gure ohitura zaharren xarma herrian bertan erakutsi nahi horrekin…». Joale gehiago behar dituzte, ordea.
Era horretan, entsegu irekiak egingo dituzte, «nahi duenak proba dezan zer den joaleak gerrian jartzea eta joaleen burrunba sortzea, aurrera begira talde anitz bat osatzeko asmoz».
Adin desberdinetako herritarrei egin diete deia, «joaleak jotzea ez baita sasoian dauden gazteen kontua, ezta gizonezkoena ere… Gonbidapena pertsona guztientzako da, gazte zein heldu, neska zein mutil, bertako zein kanpoko, argal zein lodi, baxu zein altu… joaleak astintzeko ez dago aitzakiarik». Azken batean, «euskal kultura sustatzea eta mantentzea herritar guztion onura eta ardura delako, joaleak jotzearekin batera hain eder eta aberatsa den herri aniztasuna islatzen saiatu nahi dugu».
Datozen hiru larunbatetan
Alkartasuna Lizeoan egingo dituzte entsegu irekiak, datozen hiru larunbatetan (hilaren 15ean, 22an eta 29an), 11:00etan hasita. Hiru hitzordu horietako batera joan ezin duenak, Facebook bidez jar daiteke harremanetan Zanpaldunak taldearekin.