«2019a sekulakoa izaten ari da Zumarragako bandarentzat»
Laskurainek (Eibar, 1967) Zumarragako musika bandaren ereserkia konposatu du. Bandako kidea izateaz gain, txistularia, irakaslea eta zuzendaria da.
Nolatan musikari? Familiako tradizioa al da?
Ez da familiako tradizioa. 9 urte nituenean, Eibarko jaietan, txaranga bat ikusi nuen. Garai hartan txarangetan txistua eta turuta bakarrik jotzen zituzten. Gustatu egin zitzaidan eta hura egin nahi nuela esan nuen. Ordutik, musika munduan murgilduta nago.
Zein ikasketa egin zenituen?
15 urterekin txistu karrera hasi nuen, Donostian. 21 urterekin bukatu nuen eta Eibarren musika eskolak ematen hasi nintzen. Handik hiru urtera, 1992an, Beasainen lan egiten hasi nintzen: Indar enpresan. Ordurako Eibarko txistulari banda zuzentzen nuen eta dena utzi behar izan nuen.
Noiz itzuli zinen musika mundura?
Laneko bidaia gutxiago egiten hasi nintzenean, bi lizentziatura egin nituen: banda zuzendaritza eta orkestra zuzendaritza. Hala, Bergarako musikalak zuzentzeko deitu zidaten. Peter Pan-ekin hasi nintzen eta ondoren Alizia egin genuen. Baluarten eta Euskaldunan egon gara eta azken saioa Kursaalen egingo dugu, urtarrilean. Bergaran txistu eskolak emateko eskatu zidaten eta egun, txistu eskolak emateaz gain, dultzaina eta orkestra zuzendaritza eskolak ematen ditut eta Bergarako orkestra zuzentzen dut. Gainera, txistulari bandako zuzendariak erretiroa hartu zuen eta bere lekukoa hartu nuen.
Horretaz guztiaz gain, Zumarragako musika bandan jotzen duzu.
Fagota jotzen ikasi nuen eta Facebook bidez nire burua eskaini nuen banda batean jotzeko. Luis Orduña Zumarragako bandako zuzendariak nahi banuen beraiekin jotzeko erantzun zidan. 2014ean hasi nintzen.
Zer diozu bandaz?
Oso gustura nago bertan, oso ondo hartu baininduten. Ostiral gauetan entseatzea gogor xamarra da, batez ere neguan, baina ez da ezer gertatzen. Oso giro ona dugu eta asko gozatzen dut fagota jotzen.
Nola ikusten duzu bandaren etorkizuna?
Banda hobetzen ari da. Bandak musika eskolarekin lan egitea funtsezkoa da gaztetxoak bandara hurbiltzeko. Eta horiek bandako kideok primeran pasatzen dugula ikusten badute… Nire atzean gaztetxo batzuk esertzen dira eta ez dute sekula kale egiten. Hori oso pozgarria da beteranoontzat.
Nolatan otu zitzaizun bandaren ereserkia konposatzea?
150. urteurrena dela eta, ereserkia konposatzea proposatu zuten. Inor ez zen animatzen eta saiatzea erabaki nuen. Opari moduko bat da. Eskerrak eman nahi dizkiet bandakoei, hain ondo hartu izanagatik.
Zer diozu ereserkiaz?
Bandako batek martxa bat egitea proposatu zuen, bai kalean eta bai kontzertu batean jo ahal izateko, eta martxa bat konposatu dut. Bestalde, oso argi nuen ereserkiko zati bakoitzak protagonista bat izango zuela: klarineteak, saxofoiak, tronpa… Musikari guztiek dute beraien protagonismo unea. Bestalde, partitura garbi samar dago. Melodiek ez dute artikulaziorik. Partitura denona izatea nahi dut. Hala, hemendik denbora batera, taldekideek partitura dominatzen dutenean, zer gehitu nahi dioten esango didate eta gehitu egingo diogu.
Bandaren 150. urteurreneko ospakizunak sekulakoak izaten ari dira.
Talde batek pizgarriak behar ditu. Bestela, indarra galtzen du. Orfeoiarekin jotzea sekulakoa izan zen. Gozategirekin ezin izan nuen jo, goizeko bostetan lanera joan beharra bainuen. Baina entsegu guztietara joan nintzen. Bestalde, ereserkia konposatu ahal izatea eta taldeko kideek nik konposatutako ereserkia jotzea opari bat da. Ohorea. 2019a sekulakoa ari da izaten Zumarragako bandarentzat. Uztailean Aldaiara joango gara. Hau guztia oso ona da bandarentzat.
Nola demontre egiten duzu leku guztietara heltzeko?
Beasainen lan egiten dudanez, Bergara eta Zumarraga etxera bidean ditut. Deskargako autobidea ireki dutenetik, Eibartik Beasainera joateko 23 minutu bakarrik behar ditut. Niretzat mu- sika zaletasuna da, lana baino gehiago. Asko erlaxatzen nau.
Musika zale amorratua zara.
Hala da. Amari musika ikasi nahi nuela esan nionean, izena ematen banuen, ez uzteko esan zidan. Eta kasu egin diot. 40 urte baino gehiago daramatzat musikan eta geroz eta gauza gehiago egiten saiatu naiz beti: zuzendu, jo, konposatu… Musika da nire bizitzaren ardatza. Asteburuan Zumarragan, Elgetan eta Bergaran jo nuen. Larunbat goizetan eskolak ematen ditut, baina horrek ez nau estresatzen. Nire asteak zazpi egunekoak dira eta zazpi egunetan egiten dut musikarekin lotutako zerbait. Atseden hartzea? Eguna ondo antolatzea da kontua.
Zer diote zure senitartekoek?
Ez dut seme-alabarik. Emazteari argazkigintza gustatzen zaio eta ahal dugunean elkarrekin txangoren bat egiten dugu. Bestelakoan, bien zaletasunak uztartzen saiatzen gara. Askotan nire kontzertuetara etortzen da, argazkiak ateratzera. Debabarrena orfeoia zuzentzen dut eta askotan etortzen da gurekin. Oso ondo moldatzen gara.
Ba al duzu beste zerbait eskuartean?
Banda bat zuzendu nahi dut. Bestalde, konposizioari denbora gehiago eskaini nahi diot. Erretiroa hartzen dudanean, konposatzen emango dut eguna. Konposatzea zuzentzea baino lasaigarriagoa da.