22 saltokik parte hartuko dute gaur Ilintiren 'Dendak Kalera' egitasmoan
Kale Nagusira eta norbere dendaren aurrera aterako dituzte salgaiak. Kalera aterako dira 10:00etan eta 20:00etan jasoko dituzte. Ilintik antolatu du udalerriko merkataritza suspertzeko
Legazpiko 22 saltokik Kale Nagusiaren eta norbere kaleko paisaia aldatuko dute gaur. Kalera aterako dira erakusleihoaren beste alde dagoena bertatik bertara erakusteko. Dendak Kalera egitasmoa Ilinti Legazpiko merkatarien elkarteak antolatu ohi du azken urteetan. Sasoi ezberdinetan eta herrigunean zein auzoetan egin izan dute. Azken urteetan beti egin dute uztaila hasieran.
Gero eta gehiago dira egitasmora biltzen diren saltokiak, eta gehiago izateaz gain, anitzagoa da kalera ateratzen diren denden soslaia. Aurten, esate baterako, ez dira ohiko arropa nahiz zapata dendak bakarrik aterako, haiez gain aholkularitza zerbitzu bat zein margo saltoki bat ere aterako dira kalera gaurkoan. Helburua Legazpiko merkataritza suspertzea dela dio Josu Moreno Ilintiko lehendakariak: «Asmo horri segika udalerrian eros daitekeen guztiaren berri ematea ere bai; are, aukera zabala dela erakustea». Ilinti 1992an sortu zuten Legazpiko merkatariek eta egun 50 bat saltoki atxikita dago.
Udalak orain urtebete ia merkataritza biziberritzeko plana onartu zuen (PERCO). Plana egin aurretik egoeraren diagnosia egin zuten eta orduan emandako datuen arabera, 2015etik Legazpiko komertzioaren %25,7 eta ostalaritzaren %23 desagertuak ziren. Gainbeheraren arrazoien artean, krisia, errelebo falta eta kontsumo ohituren aldaketak aipatu zituzten Iker- partners enpresak egindako diagnosian.
Egoera hori irauli nahian, Ilintik lanean darrai. Gaur, Dendak Kalera egitasmoari laguntzeko musika jarriko dute. Morenoren hitzetan «giroa sortuko dugu». Giroak gaurko pintxo potearekin eta Uztakaleko ikuskizunarekin bat egingo du.