Aizkorriko Lagunen Eguna ospatuko dute Zegaman
Ekitaldiak larunbatean eta igandean izango dira. Zegama-Aizkorri maratoia festa honen barne sortu zen eta lehen bi urteetan egun berean izan zen
Larunbatean eta igandean Aizkorriko Lagunen Egunaren 20. edizioa ospatuko dute Zegaman. Festa honen helburua Zegamak Aizkorrirekin duen lotura aldarrikatzea da.
Larunbatean, 11:00etatik 13:00etara, historiaurreko arku eta bultzagailu tiro txapelketara datozenei harrera egingo diete parketxean. Ondoren, 13:30ean, bazkaria egingo dute.
Arratsaldean, 16:00etan, San Adrian-Leizarrate bidean dauden lan arkeologikoen aurkezpen laburra egingo dute. 16:15etik 19:00etara arku eta bultzagailu tiro txapelketa jokatuko da han bertan. 18:00etatik 20:00etara, berriz, historiaurreko tailerrak egingo dituzte Anduetza parketxean. Han bertan, 20:00etatik 21:00etara, trebetasun probak egingo dituzte bultzagailuz. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 21:30ean adiskidetasuneko afaria egongo da.
Igandean, 06:30ean, Zegama-Aizkorri-Zegama mendi irteeran parte hartuko dutenak abiatuko dira (herriko plazatik). 07:30ean, berriz, San Adrian-Aizkorri-San Adrian irteeran parte hartuko dutenak irtengo dira (Aldaolako aparkalekutik).
Mendizale guztiak 09:30ean elkartuko dira Aizkorriko tontorrean, cavarekin topa egin eta taldeko argazkia aterako dute. 10:00etatik 13:00etara arku eta bultzagailu tiro txapelketa jokatuko da San Adrian-Aizkorrin. 12:30etik 15:00etara hegaluze eta sagardo dastatzea egongo da plazan. 13:00etan Aizkorrin izandako mendizaleei harrera egingo diete Gurutze Santun, Jo Motel txarangarekin.
Bukatzeko, 16:00etan historiaurreko arku eta bultzagailu txapelketako sariak banatuko dira Anduetza parketxean.
Zegamarrek duela 19 urte ekin zioten festa hau antolatzeari Aizkorriko zati handi bat herrian dagoela aldarrikatzeko, eta Aizkorrik ematen duen garapen aukera baliatzeko. Zegama-Aizkorri maratoia festa honen barne sortu zen.