Altamirako zelaia aldatzeko lanak hasi dituzte
Belar berria eta ureztatzeko sistema berria jarriko dituzte hurrengo asteetan. Lanak eginda, futbolean eta errugbian jokatzeko beharrezko arau guztiak beteko dituzte.
Hasi dira Altamira zelaiko lanak. Aste honetan bertan, zelaiko belar artifiziala kentzen ari dira langileak. 262.300 euroan esleitu du udalak obra eta Mondo Iberica enpresa zaragozarrak egingo ditu berrikuntza lanak. Behin obra hasi eta gero, 46 egunetan amaitzeko konpromisoa hartu du enpresak. Hala, kirol taldeek denboraldia hasi aurretik euren entrenamenduak normaltasunez hasteko aukera izango dute.
Altamira zelaiak belar berria izango du laster, FIFA eta IRB regulation 22 araudiak beteko ditu eta futbolean nahiz errugbian jokatzeko homologazio eskakizuna beteko du hemendik aurrera. Materiala, Mondo Iberica enpresak berak ekoizten du. Gainera, araudia betetzeko beharrezkoa den 12 milimetroko oinarri elastiko aurrefabrikatua ere jarriko dute belar artifizialaren azpian. Horri esker, Altamiran jokatzen duten kirolariek, lurrera eroriz gero, minik ez dute hartuko.
Ureztatzeko ihinztagailu berriak ere jarriko dituzte, igo eta ezkutatzen direnak. Anexoan horrelakoak jarri zituzten iaz. Marrak ere pintatuko dituzte.
Bestalde, biltegi bat ere egingo dute zelaiaren albo batean. Dagoeneko hormigoizko zorua bota dute. Biltegi horretan kirol taldeek materiala gorde ahalko dute.
Lan hauek egiteko, zelaia itxita egongo da eta anexoan entrenatu beharko dute errugbiko jokalariek. Gainera, atletismo pistari ere eragiten dio honek guztiak, eta pistako alde bat baino ez da irekita egongo. Lanak uztail bukaerarako edo abuztu hasierarako amaituta egotea aurrikusten du Majoriko kudetzaileak. Izan ere, abuztuaren 15etik aurrera talde guztiak hasiko dute aurredenboraldia.
Majori kiroldegia
Majoriko berrikuntza lanak ere aurrera doaz. Kanpoko igerilekua udako denboraldiari hasiera emateko ekainaren 15ean ireki ahal izan zuten, aurreikusi bezala. Tabernako sukaldeko lanak ere eginda daude eta zerbitzua ematen ari da, nahiz eta terrazaren eremu bat kenduta dagoen obrengatik. Horrez gain, une honetan sarrerako komunak egiten ari dira, eta datorren asterako erabilgarri egongo direla jakinarazi dute.
Bestalde, orain arte buruhauste ugari ekarri duen gimnasioa normaltasunez ari da funtzionatzen. Gimnasioak ere, leku aldaketa izango du eta berriari dagokionez, irailerako irekita egotea espero dute. Gaur egun gimnasioa dagoen tokian, aldagela berriak egingo dituzte. Baina lan horiek egiten hasteko, gimnasio berriak irekita egon beharko du.
Tokiz aldatuko duten beste gune bat harrera da. Ez da gaur egun dagoen tokian egongo. Orain taberna dagoen tokian jarriko dute eta hortik aurrera jarraituz, aldagelak eta kubora igarotzeko eskailera berriak egiten ari dira. Kantxako lanak urrian edo azaroan hasiko dituzte.
Epeak betetzen badira, urte hasierarako lanak amaituta egotea espero dute.