Maribaratzako sutea tximinian hasi ote zen aztertzen ari dira
Apirilaren 26an piztutako sutea medio, Maribaratza kaleko etxebizitza bloke bat hustu behar izan zuten. Sua zerk eragin zuen aztertzen jarraitzen dute.
Pasa den apirilaren 26an Ordiziako Maribaratza kaleko zortzigarren zenbakiko teilatuan sua piztu zen, eta segituan hustu behar izan zuten erakina. Orain, sua zerk eragin zuen ikertzen ari dira eta atzo, udal langileak eta peritoak Maribaratzan bertan izan ziren gertatutakoa argitu nahian.
Sutearen egunean, hainbat bizilagunek lehenengo pisutik teilatura eraikinaren kanpoko aldetik dagoen tximiniari bota zioten errua. Bizilagun haiek adierazi zutenez, behin baino gehiagotan ikusi zuten kea teilatu inguruan eta bat baino gehiago harekin larritzen hasia zen. Orain, sutearen arrazoia han egon daitekeelakoan, tximiniaren pusketek emandako pistak jaso dituzte.
Bestalde, bizilagunak aspaldi bueltatu ziren haien etxeetara.