Mitoak Ataunen hezurmamitzen
Mitoaldia ospatuko dute, hirugarren aldiz, hamar egunean. Hitzaldiak, ibilaldiak eta ipuin kontaketak izango dira. Gaueko ibilaldi mitologikoa datorren astean da
«Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ezezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da». Ikuspegi horretatik abiatuta, Ataunen III. Mitoaldia ospatuko dute, bihartik uztailaren 13ra bitartean, Jentilbaratza kultur elkateak antolatuta. Esplikaezina irudi, antzezpen eta kontakizun zahar nahiz berriekin hezurmamituko dute.
Aurreko bi aldietan bezala, osagai ugari izango ditu Mitoaldiak. Iñaki Perurena harri jasotzaile leitzarra gonbidatuko dute, metafora bihurtzen duen harriarengan zer balio aurkitu dituen azal dezan.
Jentilbaratzeko kide Jon Aizpuruak gidatuko du hurrengo ekitaldia: Murkondo bailaran zehar ibilaldia gidatuko du, «Ataungo gune esanguratsuenetako batean». Joxe Migel Barandiaranen sehaska da Murkondo, Perunezahar jaiotetxearen eta Sara bizitokiaren bailara. Pare bat orduko txangoan, harentzat leku garrantzitsu izan zirenak erakutsiko ditu Aizpuruak.
Igandeko ipuin kontaketak eta udalekuetako haur taldeentzat Barandiaran Museoan antolaturiko tailerrek osatuko dute egitarauaren arlo didaktikoa.
Bi saio datorren astean
Etnologo ospetsuarekin jarraituz, Barandiaran eta mitoak hitzaldia Joseba Aurkenerenak —ama ataundarra— egingo du, datorren astean. «Gurasoengandik etorri zaizkio bizitzan izan dituen bi zaletasun handiak: aitaren aldetik historiarekikoa, eta amaren aldetik euskal mitoarekikoa. Idazle eta irakasle oparoa da lanetan, gehien bat euskal historia, etnografia eta mitologiari buruzukoak.
Mitoaldiko plater nagusia, Gau Ibilaldi Mitologikoa, azkenerako utzi dute: uztailaren 13an egingo dute, zortzigarren aldiz, Museotik San Martinera. Sarrerak agortuta daude jada, eta 1.200 partaidetara mugatu behar izan dute, jende-uholdeari eusteko. Bi txandatan egingo da, 20:00etan eta 20:30ean.
Ataungo Mitoaldia
· Bihar, ostirala: Iñaki Perurena, ‘Harria, maitasun istorioa’ hitzaldia. Astigarragako parkean, 20:00etan.
· Larunbata: Jon Aizpuruarekin ‘Murkoondo, Ataungo bihotza’ ibilaldi gidatua. San Martingo plazatik abiatuta, 09:30ean. Aurrez izena eman behar da (jentilbaratzake@gmail.com).
· Igandea: ‘Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak’ ipuin kontaketa pertsonaia mitologikoek. Barandiaran Museoan, 11:00etan eta 12:30ean. Aurrez izena.
· Uztailak 8-12: Udalekuetako haur taldeentzat mitologia tailerrak. Museoan. Erreserbarekin.
· Uztailak 9: Joseba Aurkenerenaren ‘Barandiaran eta mitoak’ hitzaldia. Museoan, 19:00etan. Aurrez izena eman behar da.
· Uztailak 13: VIII. Gau Ibilaldi Mitologikoa. Barandiaran Museotik San Martinera, 20:00etan. Sarrerak agortuta bi txandetan.