Urubi kumea Gabiriako plazan da berriz, kozkortuta eta lagunarekin
Gabiriako plazan aurkitutako urubi kumea Igeldoko Arrano Etxera eraman zuten. Hazita ekarri dute orain bueltan, beste gazteago batekin batera.
Gabiriar ugari inguruan begira zituztela, bi urubi askatu zituzten ostiral arratsean Gabiriako plazan. Bat udaberrian han bertan aurkitutako kumea zen. Habiatik aldenduta, lurrean aurkitu zuten eskola-umeek maiatzaren 9an. Igeldoko Arrano Etxean zaindu eta hazi dute harrezkero, jateko egunean galeper bat emanez, lumajea aldatu bitartean.
Balentzategi herri eskolako ikasleek itzultzeko egindako eskariari erantzunez, ostiralean ekarri zuen urubia Gipuzkoako Foru Aldundiaren basozain eta ornitologo Mikel Olanok. Ez bera bakarrik; beste urubi gazte batek lagun egin dio Gabiriakoari bizileku aldaketan.
Gau-txoria izanik, ilunabarrean askatu zituzten urubiak. Begi handi-handiak, luma harroak eta gorputzez kozkortuak, hegakada betean aireratu ziren.
Lehen ugaria den fauna
Gabiriako eliza eta plaza inguruko eraikinak hegazti harrapari askoren bizileku dira. Urubiak (Strix aluco) edo hontz zuriak daude. Urubi gazteek bizirauteko aukera murriztuak dituztela aitortu du Olanok. Saguak jaten dituzte, egunean hiru-bat.
Altzon (Gipuzkoa) beste hiru askatu dituzte, orain dela gutxi.