Uztaila uzta berriekin hasi da ferian
Gazta eskaintza handitu da uztaila hasiz bat Behieko markako Olaberriko behi gaztarekin, baita hemengo fruta aukera ere, Itsasotik ekarritako albertxiko eta aran berdeekin.
P lazara udaletxe paretik sartu orduko hutsune nabarmena atzo. Oporren seinaleetako bat. Oso asteazken gutxi hartu ohi dute jai saltzaileek, baina tarteka tokatzen da eta Lasatarrei atzo, esate baterako. Plaza sarreran, askoren topaleku eta toki handia hartzen duen postua izanik, hor ez direnean eza izan ohi da hizpide, atzo bezala. Ondorioz, Barzinaren postura mugatu zen onddo, zizahori eta azken udaberriko zizen eskaintza.
Fruta aukera handitu da, Maria Jesus Oria itsasoarrak ekarritako albertxiko eta aran berdeei esker (2,5 euroan kiloa). Hemengo gerezia dago puri-purian, anpolai gorria eta beltza duena bereziki; ugari ematen ari dira arbola asko. Bestalde, bukatzen ari dira ilarra eta baba, aldiz, ugaltzen leka, tomatea, piperra, kuiatxoa… negutegikoak oraindik gehienak.
Mendiko gazta ekarri du Itziar Etxeberriak Urbasan bertan Karlos Aramendiak egina; kiloa 19 euroan du salgai udaletxe azpiko postuan.
Gazta eskaintza berria
Atzotik, bestalde, parez pare daude aukeran Etxeberri Goikoa izeneko bi baserritako gaztak.
Urte hasieran Goiburu ardi gazta saltzera etortzen hasi zen Naroa Irigoienen parean behi gazta berri bat da atzotik. Biak ala biak Etxeberri Goikoa baserrikoak, Idiazabalgoa ardi gazta, Olaberrikoa behiena.
Judit Garzia etxeko behi esnearekin egindako gazta mota ezberdinak saltzen hasi da. Aitor Aranburu bikotea eta biak dira lanbidearen burubidea daramatenak. Etxeko 10 behien esnearekin egiten dituzte gazta mota ezberdinak erdi ondua, laktikoa, zuria (14-18€/k) eta gaztanbera, krema, zaharra (3-4-4,5€/potea). Behieko etiketarekin komertzializatzen dute, «hiru baserritakoak (Altzokoa, Anoetakoa eta gu) elkarlanean gabiltza, gazta eta jogurt ekologikoekin», kontatu digu Juditek. Esan daiteke Joseba Baez idiazabaldarraren segida hartu dutela. Hark baserri honetako esnea erosiz egiten zuen gazta, eta halabeharrez lanbidea utzi zuenean, Juditek eta Aitorrek ekin zioten gazta egiteari iazko martxotik aurrera. Hauxe da produktuari eta lanbide honetaz bizi ahal izateari Juditek ikusten dion aukera bakarra, «zuzeneko salmenta».
Ea ba parez pare dauden bi etxe berri hauek goia jotzen duten.