Gipuzkoako txapelagatik erlojuaren kontra arituko dira bihar
Junior eta kadete mailako txirrindulariak lehiatuko dira Legorretan hasi eta bukatuko den lasterketan. Lehenengoz neskek osatutako taldeak aterako dira
Gipuzkoako taldekako erlojupeko txapelketa Legorretan jokatuko da, bihar larunbata. Kadete eta junior mailetako neska-mutilak lehiatuko dira. Aurten gainera bada nobedade bat. Orain arte neskek eta mutilek nahastuta jokatzen zuten. Lehenengo aldiz, neskez osatutako bi talde aterako dira junior mailan eta hiru kadete mailan.
Junior mailakoen txapelketa jokatuko dute aurrena. 09:45ean abiatuko da lehen taldea, eta bi minututik behin aterako dira gainontzekoak. Legorretako plazatik aterako dira eta Alegitik Amezketara joango dira lehenengo; handik bueltan, Legorretatik pasatu eta Ordiziara. Hilerri inguruko biribilgunean buelta hartu eta Legorretako helmugara joango dira. 34,5 kilometro egin beharko dituzte bosnaka eta laugarrenaren denborak puntuatuko du
Kadeteak ondoren
Kadete mailakoen txapelketa hasiko da gero, 11:15ean hastea aurrikusten dute; kategoria horretan ere, juniorretan bezala bi minututik behin aterako dira taldeak. 25,4 kilometro egingo dituzte. Legorretatik Amezketara joan-etorria egingo dute. Sari banaketa 12:30ean hasiko da.













