Epaileak kartzelara bidali du Beasaingo erasoaren ustezko egilea
Gaur eraman dute atxilotua Tolosako Auzitegira, baina uko egin dio deklaratzeari. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak kartzelaratzeko eskatu dute, eta hala egin du epaileak. Beasainen asteburuan izandako beste sexu eraso bat ere salatu dute.
Hilaren 13an Beasainen izandako sexu erasoaren ustezko egilea gaur eraman dute Tolosako Auzitegira. Epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio akusatuak. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak kartzelara eraman dezatela eskatu dute, eta hala erabaki du epaileak. Ertzainek Martuteneko espetxera eraman dute, eta han utzi dute preso, epaiaren zain.
Beste bost sexu erasoren egiletza ere leporatzen dio Ertzaintzak, eta ADN probak egiten ari dira, kasu haietako aztarnekin bat datozen ikusteko. Beasaingo erasoaren ondoren, ia astebetez haren bila ibili zen Ertzaintza, eta ostiralean atxilotu zuten.
Beste sexu eraso bat ostiralean
Azken orduan zabaldu denez, pasa den ostiralean beste sexu eraso bat izan zen Beasainen. Udaleko alderdi guztiek gertaera salatzeko elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako; 19:30ean bilduko dira, Zubimuzu plazan.