Ordizia Rugby Elkarteak bazkidetza kanpaina hasi du
Urteko bazkidetza arrunta 20 eurokoa izango da, eta abonua 90 eurokoa. Ikasle, langabetu nahiz jubilatuek baldintza bereziak izango dituzte.
Ordizia Rugby Elkarteak 2019/20 denboraldiko bazkidetza kanpaina martxan jarri du. Kuotak mantendu egingo ditu elkarteak, bai bazkide berrientzat eta baita bazkidetza berritu nahi dutenentzat ere.
Bazkidetza soila egin nahi dutenek, 20 euro ordainduta, zozketetan parte hartzeko aukera eta deskontuetarako eskubidea izango dute, baina partidetarako sarrerarik ez. Ikasleentzako eta langabetuentzako eskaintza berezia mantenduko dute; hala, ikasle nahiz langabe txartela erakutsita, 20 euroren truke partidetarako sarrerak barne izango dituzte.
Abonu arruntaren prezioa 90 eurokoa izango da, 50 jubilatuentzat. Bi kasuetan, sarrerak, eta deskontu nahiz zozketetan parte hartzeko aukera izango dute. Sarrera arruntaren prezioa berriz, 10 eurokoa izango da.
Dagoeneko bazkideak diren eta erreziboa helbideratuta duten kideei, automatikoki aktibatuko zaie txartela denboraldi hasieran. Helbideratu nahi dutenek berriz, info@ordiziarugby.eus helbidera idatz dezakete.
Bazkide berriei begira, on-line egiteko aukera dago ordiziarugby.eus webgunean. Atal horretan aurkituko duten izen-emate orria inprimatuta ere ekar dezakete Altamirara, Ohorezko Mailako partiden egunetan.