Segurarrek "bikain" osatu dute kostaldeko joan-etorria
Segurako zikloturistek antolatuta, 45 bat lagunek osatu dute 'Kosta ala kosta' itzulia. Lagunarteko bazkari batekin borobildu dute eguna.
Segurako zikloturistek ‘Kosta ala kosta’ Seguratik Getariara arteko itzulia osatu dute asteburuan. Aurten 45 bat lagunek parte hartu dute urteroko irteeran. Goizeko 06:00etarako dozena bat lagun lanean hasiak ziren gosaria prestatzen. Denak plazan elkartu eta gero, suziriarekin batera abiatu zen tropela. Zumarragatik, Loiolatik eta Zestoatik barrena joan ziren, eta itzuli berriz, Orio, Aia eta Asteasu aldetik. 126 kilometroko ibilbidea osatuta, 14:40ak aldera iritsi ziren Segurara, eta Imaz hotelean egin zuten bazkaria, Frantziako Tourreko Alpeetako etapa ikusiz.
Aurten hiru emakumezkok parte hartu dute irteeran: Larraitz Intxaustik, Nahia Carrillok eta Maialen Maitxainek. Parte-hartzailerik helduena berriz, Simon Goia izan da, 70 urterekin.
Antolakuntzaren izenean, partaideei eta proba antolatzen lagundu duten guztiei esker ona agertu diete, erakutsitako portaera egokiagatik.