Tren geltokiko lanak udazkenean hasiko dira
Guillermo Etxenike Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaria Legazpin izan da. Oskar Valbuena PSE-EEko bozeramaileak dio lanak urrian edo azaroan hasiko direla.
Oscar Valbuena Legazpiko PSE-EEko bozeramailea atzo bildu zen Guillermo Etxenike Espainiako gobernuaren Gipuzkoako ordezkariarekin, «tren geltokiaren berrikuntza lanen jarraipena egiteko bilera izan zen», azaldu du Valbuenak. Ordezkariak emandako datuekin, «epe guztiak ongi betez gero, lanak urrian edo azaroan hasiko dira».
Proiektuaren analisi teknikoa burutzeko aurrez pentsatuta baino baliabide gehiago erabili dituztela esan dio ordezkariak Valbuenari, «azpiegitura berriaren konplexutasunagatik eta egungo eraikina eraisteko aukera aztertu dutelako izan da. Finean, proiektuari irtenbide tekniko onena eman nahi diote». Gaur-gaurkoz proiektua amaituta dago.
Geltoki berria
Proiektu berriak hainbat aldaketa jaso ditu: azpiko pasabide bat. irisgarritasuna hobetzeko igogailuak, markesina berriak, nasen kota igoera, aterpeen eraistea eta eraikin berriaren eraikuntza.
Proiektua amaituta badago ere, ikuskaritza fasean dago orain Madrilen eta, Valbuenak esandakoaren arabera, «lanak irailean esleitzea aurreikusi dute».
Geltoki berrian egingo duten inbertsioa 2.5 milioi eurokoa izango dela erantsi du.