Udal gobernu jeltzaleak bi liberatu izango ditu eta Bilduk bat, %50ean
Koldobike Olabide alkateak eta Maite Lonbide zinegotzi jeltzaleak %100eko liberazioa izango dute. Edurne Gonzalez Bilduko bozeramailea izango da oposizioko liberatua
Udal hauteskundeen ondoren eratutako udalbatzak lehenengo erabakiak hartu zituen herenegungo osoko bilkuran. Zinegotzien dedikaziorako eta haien ordainsarietarako proposamena eraman zuen bilkurara udal gobernuak. Agintaldi berrian Koldobike Olabide alkateak %100eko liberazioa izango du eta Maite Lonbide zinegotzi jeltzaleak ere bai. Bildu oposizioko alderdi nagusiko bozeramaile Edurne Gonzalezek %50eko liberazioa izango du agintaldian zehar.
Ordainsariei dagokienez, alkateak 55.613 euro gordin jasoko ditu urtean. Lonbidek 44.501 euro gordin, alkateak baino %20 gutxiago. Gonzalezen ordainsaria 20.398 euro gordinekoa izango da.
Liberazioen harira, 2016ko lege berria hartu dute oinarri. Legeak dioenez, 5.000 eta 10.000 biztanle artean dituzten udalerriek hiru pertsona izan ditzakete liberatuta eta aholkulari bat izateko aukera ere jasotzen du. Oposizioko alderdi nagusiak liberatu bat izan dezake %50 edo %75eko dedikazioarekin.
Udal gobernuaren proposamena «azpitik» doala esan zuen Olabidek bi kide baino ez dituztelako liberatuko, ordainsarietan ere «azpitik» daudela esan zuen. Zehaztu zituzten, bide batez, dietak. Besteak beste, osoko bilkuretara joateagatik 262 euro gordin jasoko dituzte zinegotziek.
Oscar Valbuena sozialista abstenitu egin zen bozketan. «Gastua %55 igo duzue, 90.000 euro gehiago izango dira urtean eta gu ordainsariak duintzearen alde egonda ere, aldaketa pixkanakakoagoa izatea nahiko genuke». Berdeak taldeko Alberto Bezunarteak kontrako botoa eman zuen eta «banaketa bidezkoago» baten alde egin zuen. Edurne Gonzalezek euren proposamena izan gabe, hartatik gertu daudela esan zuen. Eric Galvez jeltzaleak azpimarratu zuen «gobernuan esperientzia dugun bi alderdiok adostasuna lortu dugu».
Osoko bilkuran, halaber, San Inazio, San Martin, Arantzazu eta San Jose auzoak eraberritzeko plan bereziaren alde egin zuten Bezunarteak ez beste guztiek; Berdeak taldeko zinegotzia abstenitu egin zen gai horren bozketan.