Alberto Castello erromesa Seguran izan da gaur
"Peregrino por la paz" izenarekin ezaguna den erromes valentziarra Seguratik pasa da gaurkoan, eta Segura Irratian elkarrizketatu dute. Azken 6 urteetan 27.000 kilometro egin ditu, eta Jerusalenera iristea du orain helburu.
2013ko ekainean errotik aldatu zuen bizimodua Alberto Castellok. Une txar bat pasatzen ari zela, eta Donejakue bidea egitea otu zitzaion, bizitzeko leku onen bat aurkituko zuelakon. Bizitzeko lekua ez, baina bidea egin hala geroz eta hobeto sentitzen zela, eta horrela iritsi da gaurko puntura. Dagoeneko 27.000 kilometro inguru egin ditu zortzi herrialdetan zehar. Bidean zehar, bizitzeko gogoa, fedea, eta norberarekiko maitasuna berreskuratu dituela aitortzen du. Gaur Segura Irratian elkarrizketatu dute erromes valentziarra.
Bere lehen bidea ohiko Donejakue bidea izan zen, baina hura egitean Erromara joateko irrika sartu zitzaion, baita joan ere. Hiru aldiz egin du Erromarako joan etorria, eta ez da hor gelditu. Italia zeharkatu zuen horietako batean, Siziliari itzulia eman eta adriatikoan zehar ibili zen Italia aldetik Accoli Pisceno arte, bertan hasi zuen Asis-ko San Frantziskoren bidea. Medjugorjera (Bosnia eta Herzegovina) ere oinez iritsitakoa da, horretarako Eslovenia eta Kroazia ere zapaldu zituen, besteak beste.
Egin duen ibilbide osoa inolako diru eta erosotasunik gabe egin du. Sarri, kalean lo egitea ere egokitu zaio; baina laguntzen diotenak asko direla dio. Gizakiaren eskuzabaltasuna azpimarratzen du, sarri komunikabideek bestelako zerbait ikustarazten digutela dio, baina berari inork ez diola kalterik egin kilometro hauetan guztietan; milaka direla berriz laguntza eskaini diotenak. Jaten eman, dutxa bero bat eskaini edota gaua pasatzera etxera gonbidatu.
Jerusalenera erromes joatea du helburu orain, eta horretan ari da. Hemendik Parisera joango da lehenik, ondoren Erromara, eta handik Jerusalenera joko du; amaitzean berriro oinez itzultzeko. Berak sare sozialik erabiltzen ez duen arren, bere familiak instagram kontu bat egin du; eta jendeak bertara bidaltzen ditu Albertorekin ateratako argazkiak. Beraz, erromes valentziarraren ibilbidea nola doan jakiteko instagramen “peregrino por la paz” bilatzea nahikoa da.