Irailaren 1ean izango da XXXVIII. Beasain proba
Junior mailako Mundial aurreko lasterketa izango da aurtengoan ere, eta 200 txirrindulari inguruk hartuko dutela parte aurreikusten da. 10:00etan hasiko da lasterketa eta 114 kilometro izango ditu.

Beasain probaren 38. edizioa izango da Irailaren 1ean lehiatuko dena. Beste urte batez Loinaz Txirrindulari Elkarteak antolatuko du, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren laguntzarekin. Azken urteetako moduan, aurtengoa ere mundial aurreko froga izango da; eta euskal taldeez gain estatu mailako talde onenek ere parte hartuko dute lasterketan. Guztira 200 txirrindulari inguru espero dira Beasaingo irteeran. Irail amaieran izango da Junior mailako Munduko Txapelketa, aurtengoan Yorkshiren.
10:00etan abiatuko dira Nafarroa etorbidetik, eta Goierrin zehar 114 kilometro ibili ondoren 13:00ak baino lehenago Beasainen izango dira garaipenaren borrokan dabiltzan txirrindulariak. Tarteko helmuga bat izango dute Beasainen, eta hiru aldiz pasako dira bertatik: 30,5. kilometroan, 81,9. kilometroan eta 91,3. kilometroan.
Hiru mendate ezberdin igoko dituzte. Lierni izango da igoko duten lehena, 3. mailakoa, 38,5. kilometroan; baina bigarren aldiz ere igoko dute aurrerago, 99,3. kilometroan. Altzora, hau ere 3.mailako mendatea, behin bakarrik igoko dira, 65. kilometroan. Olaberri izango da lasterketan igo beharko duten beste mendatea, hau 2.mailakoa da, eta bi aldiz igoko dute: 85,9. eta 108,7. kilometroetan.