Herri txikien geroaz jardunaldia egingo dute Idiazabalen
Eusko Ikaskuntzak antolatutako saioa Idiazabalen izango da, irailaren 20an. Herri txikien «errealitatea ikusarazi» eta «diagnosi egokia» egin nahi dute
Herri txikien biztanle galerak eta orokorrean landa eremuak bizi duen egoerak kezkakuta, Eusko Ikaskuntzak (EI) Herri Txiki Adimentsuak izeneko jardunaldiak antolatu ditu. Bi saio egingo dituzte, aurrenekoa Idiazabalen, irailaren 20an, eta bigarrena Beizaman, urriaren 4an. Saio horien helburua «joera horri aurre» egitea da; horretarako, «errealitate hau ikustarazi» behar dela uste du EIk, «diagnosi egokiak egin, eta batez ere, aurre egiteko politikak, ekimenak eta alternatibak garatu».
Idiazabalgo jardunaldia irailaren 20an egingo dute, goizez. Eusko Ikaskuntzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Idiazabalgo Udaleko ordezkariek zabalduko dute ekitaldia. Ondoren, Gaindegiako kideek Gipuzkoako herri txikien egoera sozio-demografiko eta ekonomikoa aztertuko dute.
Udalerrien marka lantzeko saioetan, Idiazabal sor-marka eta European Cheese Route proiektua azalduko dituzte, Arras Baztan egitasmoarekin batera. Orendaingo udal ordezkariek ere beraien esperientzia kontatuko dute. Natura eta kirol arloari dagokionean, Txindokiko Itzala eta Axalko bizikletak proiektu enpresarialak ere azalduko dituzte. Eztabaida ireki batekin bukatuko dute saioa.
Jardunaldi horretan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena eusko-ikaskuntza.eus webgunean.













