Batzuei agurra, besteei ongi etorria
Idiazabalgo gaztagileak salmenta denboraldia amaitu duen ferian, babarrun aukera handia eta sagar eskaintza zabala izan da; Gabiriatik amari lekukoa hartzeko prest etorri da Elosegi.
Naroa Irigoien gazta berria izan arte agurtu da. Urtarrilaren 16an hasi zen etortzen Idiazabal jatorrizko Goiburu gazta saltzera. Gehiena saldu du, «zerbait igandeko Baserritarren egunean Idiazabalen saltzeko ere izan nahi dut». Oso bilan baikorra egin du 10 hilabete hauetaz: «Lan berria zen niretzat eta oso gustura aritu naiz. Salmentak ere ondo, baita udan ere». Azken gazta hauek naturalak badira ere, ketua ere eskaintzen dute, «altza egurra erabiltzen dugu guk eta oso gustu atsegina hartzen du, hemengo jen- deari asko gustatzen zaio, baita niri ere», zioen Naroak.
Babarruna eta sagarra
Babarrun urte ona da aurtengoa. Oraindik biltzen ari dira batzuk, baina asko dago jadanik aukeran bai lekan baita aletua ere. Beltzak du osperik handiena, baina gorria, pintoa eta zuria ere aukeran dira. Juli Aierbek, esate baterako, urtero gorria izan ohi du, «lan du biltzen landare motza baita, baina estimazio handikoa da, ondo saltzen da, oso babarrun goxoa da». Kiloa 12 euroan salgai du Beasaingo Atari Ederrekoak.
Monteseneko Arantxa Iparragirrek pipermin gorria ekarri du, janen lagun bizia. «Gorritu direnak ondo lehortu eta hazi gehienak kenduta ehotu eta aproposa da edozein janariri botatzeko, oso gustu ona ematen dio eta dekoraziorako ere dotore», zioen. Eskukada euroan zuen salgai.
Eta sagar urte onaren lekuko, mota eta kilo ugari. Atzo Topak delakoa ekarri zuen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk, «kanpokoa da, baina hemen oso ondo etortzen daa, gazi-gozoa, gordina jateko oso ona». Aukeran asko dituzte Aizpuru eta Gabiriako Oñatibitxikikoen artean: txori sagarra, erreineta ezberdinak, jumbo, errezil… Atzo Miren Agirrezabalaren tokia seme Joxe Antonio Elosegik hartu zuen, aurrerantzean ere etortzen segitzeko gogo eta ilusio handiz.