Goierriko afizionatuen tropela, gurpila galtzen
Inoiz ez da gozoa izan txirrindularitza amateurraren eremua. Baina mikaztu da, profesionaletarako aukera gutxitu ahala. Mikel Paredesek bizikleta utzi du, 22 urteko. Ikasketak amaitu, eta zuzendari segiko du.
Txirrindularitzak oso tarte txikian ematen ditu laztanak eta zaplaztekoak. Goierriko eremuan, aurkia eta ifrentzua oso gertu topa litezke. Alex Aranburuk World Tour maila gorenera jauzi egin du, Izagirre anaien albora. Baina salbuespena dira. Iker Azkarate lazkaotarrak iaz bat-batean utzi zuen biziklea, jada profesional zela. Orain, Mikel Paredes herkideak esan du aski, 22 urterekin. Profesionaletara igotzeko helburua ezin bete, eta zeruertz gero eta ilunagoak gogaitu du.
Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzen Euskadi Laboral Kutxa taldean aritu da, 23 urtez azpikoetan. Bikain hasi zuen 2019ko denboraldia: Zumaian bigarren, Urretxuko Goierriko Itzulia irabazi, beste proba batzuetan 4., 5. eta 7. postuak. Lehendakari txapelketako lidertzan ere egon zen. Eroriko larri samar bat izan zuen gero, ordea. Eta astebeteko gaixoaldia jarraian. «Ez nion buelta ematen. Burua etsita, uztea erabaki dut», dio Mikel Paredesek.
Afizionatu ororen helburua da profesional bihurtzea. Baina esatea errazagoa da egitea baino. «Urte hasieran esan nuen, edo profesionaletara pasatuko nintzela, edo utziko nuela». Hain gordin, eta hain benetako.
Igotzea, «oso zail»
«Aukera gutxi dago profesionaletara igotzeko. Hankak lurrean ditut, eta banekien ia ezinezkoa zela. Lehen, Euskaltel eta Orbea bere azpian zeudenean, egitura bazegoen txirrindulari gehiago pasatzeko elkarrizketa Murias Euskadiren desagertze iragarpenarenaren aurretik egina da. Afizionatutan beste urte bat igarotzeko mentalitaterik ez neukan. Oraintxe bertan, nahiko beltz ikusten dut profesionaletara pasatzea», dio Paredesek.
Unai Paredes anaia ere afizionatuetan ibili zen lehiatzen, eta zuzendari gero lau urtean, Serbitzu-Kirolgin eta Alfusen. Oraindik, anaiari jarraitzeko aukera ikusten zion: «Kualitateak badauzka profesionaletara igotzeko. Baina gogorik ez baldin badauka, hobeto uztea. Espero dut erabakiarekin inoiz ez damutzea», azaldu du Unai Paredesek.
Lasterketarik eza da zuzendari ohiarentzat gabezia. «Frantzian, Belgikan eta Herbeheretan karrera ugari daude, eta, horregatik, talde askoz gehiago daude».
Ikasketa programa berezia
Bizikleta utzi ondoren, Mikel Paredesek ikasketak bukatzea erabaki du, lehenik. Igor Gonzalez de Galdeano ziklista ohiaren Machining Meets Cycling proiektuak lagundu dio. Goierri Eskolan Mekanizatuko gradua egina zuen, baina praktikak falta zitzaizkion, denbora faltagatik kirolari askori gertatzen zaien herrena. «Andoaingo enpresa batean praktikak burutzen ari naiz, titulua ateratzeko».
Mikel Paredes da Galdeanoren proiektuko lehen partaidea, eta helburua horixe du: egunen baterako titulua behintzat besapean eduki dezatela ziklistek eta ziklista ohiek. Oraingoz, ordea, tornu mekanikoaren aurrean jartzeko asmorik ez du Paredesek. Anaiaren ondoan, Lazkaoko Zelata tabernan hasi da lanean, asteburuetan. Bestetik, eta txirrindularitza erabat utzi gabe, zuzendari hasiko da, orain arte pedalei eragin dien Laboral taldean bertan.
Kotxearen barrutik orain
Ezustean iritsi zaio Euskadi Laboral Kutxa taldearen zuzendari izateko eskaintza, eta ez du zalantzarik izan onartzeko. «Niri txirrindua gustatu egiten zait. Aukera bat eman didate zuzendari bezala hasteko, eta probatzeko gustura nago».
Anaiaren babesa badu. «Lagundu niola esan nion, eta animatu da. Desberdina da txirrindulari edo zuzendari izatea. Bilera eta kudeaketa-lan asko egin behar dira. Gainera, Mikelek lasterketa oso ondo irakurtzen du», zehaztu du Unai Paredesek.
Berari zapuztu zaion ametsa lortzen besteei laguntzen saiatuko da, orain, Mikel Paredes zuzendaria: profesional izateko sugarra piztuta mantentzen.
Mikel Gaztañaga Euskadirekin kontinental prora
Dena ez da beltz Goierriko ziklismoan. Orain arte Laboral taldearen zuzendari izan den Mikel Gaztañaga Euskadi Fundazioaren zuzendari ariko da, datorren sasoian. Kontinental profesional mailara igo da taldea, eta, egitura bikoiztuko duenez, Jorge Azantza eta Gaztañaga izango dira zuzendari.
Mikel Paredesek hartuko du Gaztañagaren lekua. Jon Arakama zegamarra, Aritz Urra lazkaotarra, Xabier Berasategi olaberritarra eta Mikel Barandiaran ataundarra izango ditu taldean.