Legazpi eta Oñati lotuko dituen mikrobus zerbitzua sortu dute bi udalek
Gipuzkoako Foru Aldundia Udanan egiten ari den lanak iraun bitartean zerbitzua martxan izango da. Sei joan-etorri egingo ditu egunean landa bideak erabilita. 19 tokiko mikrobusa da
Oñatiko alkate Izaro Elorzak eta Legazpiko alkate Koldobike Olabidek eskuetan hartu zuten bi herriak behin-behinean lotuko dituen mikrobus zerbitzuaren ordutegien kartela. Argazkia elkarlanaren irudia izan zen. Bi udalek eskuz esku lan egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundia Udanako errepidean egiten ari den lanak iraun bitartean, bi udalerrietako bizilagunek herrion arteko joan-etorriak harik eta zuzenen egin ditzaten. Zerbitzua atzo jarri zuten martxan.
Legazpiko udaletxean egindako agerraldian Olabidek azaldu zuen uztaila amaieran aldundiak Udanan lanak egin behar zituztela eta errepidea itxiko zutela ohartarazi ziela. Olaraneko lepoan dauden lau zubi konpondu beharrean zeuden. Lurraldebusek eskaintzen du bi herrien arteko lotura egiten duen garraio zerbitzua, «baina esan ziguten autobusen luzeragatik landa bideetatik ezingo zutela zerbitzurik eskaini». Orduz geroztik bi udaletako udaltzainburuak, teknikariak eta zinegotziak lanean aritu dira garraiobideari irtenbidea bilatu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde sailari aurkezteko.
Udanan egiten ari diren lanek irauten duten bitartean, irailaren 16an hasi ziren eta lau hilabeteko epea aurreikusi diete, mikrobus zerbitzua jartzea izan da udalek emandako irtenbidea. Aldundiak zerbitzua martxan jartzeko baimena eman diete, eta atzo bertan hasi ziren joan-etorriak.
Sei joan-etorri egunean
Mikrobusa Legazpi eta Oñati landa bideetatik lotzen dituen errepidetik joateko tamaina egokia duela eta, Lurraldebusek eman dizkien erabiltzaile datuak aintzat hartuta, erabiltzaileen eskaerari aurre egiteko moduan egongo direla esan zuten alkateek. Legazpi eta Oñati artean 80 bat lagun ibiltzen dira autobusez egunero. Olabidek azaldu zuenez, «11-12 pertsona gehienez joan-etorri bakoitzean eta datu hori eskuan, 19 tokiko mikrobusak zerbitzua eman ahal izango du».
Mikrobusa doan izango da eta udalek euren gain hartuko dute zerbitzuaren kostea. Goierri Bus enpresak emango du zerbitzua.
Mikrobusaren Legazpiko geralekua Saturnino Telleriako biribilgunean kokatu dute. Sei joan-etorri egingo ditu egunean: bi goizean goiz, 07:05ean eta 08:05ean irtengo da; bi eguerdian, 13:05ean eta 14:05ean; eta beste bi arratsaldean, 18:05ean eta 19:05ean.
Herritarren aldetik zuzen-zuzenean Udanako itxierari, garraioari dagokionez, irtenbidea emateko eskaera jaso dute bi udaletan. Ikasleak eta langileak dira bi herrien artean gehien mugitzen direnak. Mikrobusarekin ordu erdian izango dira legazpiarrak Oñatin Udanako lanek iraun bitartean.