Igartubeitiko Sagardo Asteak 18 urte beteko ditu
Orain arteko asterik jasangarriena eta irisgarriena hasi da Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan. Sagar jotzeei eta kirikoketa ikustaldiei ekin diete. Hamar egunez iraungo du
Hasi da 18. Sagardo Astea Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan. Ekitaldirik irisgarriena da, museoak traba fisiko guztiak kendu eta bisitari guztientzat irisgarri egin duelako espazioa. Halaber, ekitaldirik jasangarriena da dolarean jada jotzen hasi diren sagar guzti-guztia Ezkioko baserrietakoa delako.
Aurtengo Sagardo Asteak jarduerez betetako hamar egun hartuko ditu. Atzo hasi ziren sagar jotzeak eta aurretik egiten dituzten kirikoketa ikustaldiak. Asteko egunetan atzo hasi eta egunero egingo dituzte saioak urriaren 18ra arte, 11:30etik aurrera. Asteburuan egitaraua loditu egingo da. Urriaren 12an eta 13an sagar jotzean kirikoketa talde bat egongo da. Kirikoketa sagarrak jotzean sortzen den erritmoa da eta aurten, lehenengoz sagar joaleak izango dira bertan. Hain zuzen, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek eskainitako lantegian sortutako taldeko joaleak izango dira bertan. Sagar jotze saio bakarra egingo dute asteburuan, 12:00etan.
Larunbatean eta igandean Karmakros taldeko aktoreek Kortabarria familiaren, XVII. mendean Igartubeitin bizi izandako sendia, rolak hartu eta baserriko bizimodua irudikatuko dute; 11:30etik aurrera izango da.
Ohi bezala sagarraren natur zikloa da Sagardo Astearen muina. Aurtengoan SagarArte erakusketa ireki dute astearen atarian, non sagarraren mundua arte bilakatu duten hainbat artisten lanak ikus daitezkeen.
Garraioa ere jasangarri
Aurtengoan, asteburuan, ezingo da autoz Igartubeitira iritsi. Pilaketak ekiditeko eta irisgarritasunaren irizpideari jarraitzeko hartu dute neurria. Norberaren autoz ez, baina elkarrekin auto- busean bai igoko dira bisitariak Igartubeitira. Santa Lutzi auzoko industriagunetik aterako da zerbitzua, 10:00etatik 14:30era. Autobusa doakoa da.