Gaztetxea okupatu zuteneko 30. urtemugan, topa
Igandean beteko dira 30 urte Guardia Zibila Legazpiko kuarteletik joan zela. Zortzi egunen buruan hainbat gaztek egoitza okupatu zuten hura gaztetxe bihurtzeko. Gaur eta bihar urtemuga hori ospatuko dute Mataderon.
Atxikitako kronologiak orain 30 urteko gazte mugimenduaren urratsen berri ematen du, hasi 1989an eta 1991ra arte. 1997an Gaztetxea Mataderon ireki zutela gehitu dugu. Egun gazte direnen hitzak bildu ditugu erreportajean. Hain zuzen, oraindik jaio gabe zegoen Eneko Muruak kontatu digu nolako ospakizuna egingo duten gaur eta bihar Gaztetxe bueltan, orain 30 urte Guardia Zibila joan eta garaiko gazteek kuartela okupatu zutela ospatzeko. Andoni Zabaletak dokumentazioa helarazi digu, Zabaleta umea zen okupazioaren garaian, gerora Legazpiko Gazte Asanbladan ibilitakoa da eta okupazio haren harira 1990ko harraldiaren atarian berriro jaiotako asanbladaren mugimenduak dokumentatu zituen bere garaian.
Asteburuko ospakizunak aletze aldera, gaur pintxo potea dago 19:00etan eta 22:00etan hitzaldia izango da. Bertan Gaztetxean sortutako hainbat kolektibotako kideek parte hartuko dute, hala nola Gaztetxeko Mendizaleak, Motxorrisimo kolektiboak, L.E.G.I.A.k, Legazpiko Gazteak pilota elkarteak, Legazpiko Gazteak Futbol 7-k eta Matraka talde feministak.
Biharko urteurren festarako 1980ko hamarkadako janzkera edo guardia zibilez mozorrotzeko gonbidapena egin dute. 12:00etan karropoteo informatiboa egingo dute Legazpik izandako gaztetxeetatik: Meazti etxetik hasita, Nafarroa kaleko gaztetxera eta ondoren bermuta Mataderon egingo dute, egungo Gaztetxean. 14:30ean bazkari autogestionatua izango da Azokan eta bazkal ondorena bertso musikatuekin girotuko dute. 18:00etan RkeR elektrotxarangaren musika barreiatuko da eta 20:00etan ikus-entzunezkoa emango dute Gaztetxean. 21:00etan afaria eta ostean kontzertuak izango dira. «Saiatu ginen garaiko musika taldeek jo zezaten eta ez dugu nahi bestek jotzea lortu, baina zenbaitzuk egongo dira», azaldu du Eneko Murua Legazpiko Gazte Asanbladako kideak. Aitti Skalari, Jota Akatu, Lortu, Expansion eta Deaf Squad taldeek joko dute.
«Eguna antolatzeko bilera irekiak egin ditugu, belaunaldi ezberdinetako jendeak parte hartzea nahi genuelako, baita LGAtik kanpoko jendeak ere», esan du Muruak. Urteurren festaren datari ere azpimarra egin dio, «guardia zibila urriaren 13an joan zen, 1989an, eta guk hispanitatearen eguna ospatu baino, alde egin zutela ospatuko dugu».
Ekin eta ekin
Zabaletak helarazitako dokumentazioan Ene Bada! euskarazko aldizkariak utzitako ale batzuk daude. Gazte Asanbladaren lehen urtemugarena dago, Josema Azpeitiak, LGAren prentsa eta propaganda komisioko partaide gisa sinatuta, idatzitakoa dago; honela dio pasarte batek: «Okupazioaren anarkia pasa eta gero, formaltasun eta iraupen bat lortu dugu. Nahiz eta askok horrela pentsatu, ez gara ganberro talde bat, baizik eta kezkak eta zaletasunak dituen gazteen talde bat». Orduan Legazpiko Kultur Etxean elkartzen ziren. Artikuluak garai hartan bogan zegoen Hegialde auzoko Slader diskotekako publizitatea dakar.
Elkarte bezala eratu, alkateari gutunak, diru laguntzak eskatu, egoitza lortu, ekin eta ekin aritu zen Legazpiko garaiko Gazte Asanblada, asanblada bai baita zernahi Gaztetxeren bihotza.
Legazpiko Gaztetxearen XX. urtemugarako egindako bideoa:
Legazpiko Gaztetxearen kronologia
· 1989, urriak 13. Goardia Zibila Legazpitik joan zen.
· 1989, urriak 21. Koartela hutsik ikusita, zenbait gaztek okupatu egin zuten gaztetxea bertan eraikitzeko. Legazpiko Gazte Asanblada (LGA) birjaio zen.
· 1989, azaroak 6. Udala eta LGA harremanetan jartzen dira eta LGA Gazteria batzordean integratzen da.
· 1990, urtarrilak 15. Behin-behineko gaztetxe gisa Nafarroa kaleko 4.ko etxabea proposatzen du; Gazteria batzordeak bere egiten du proposamena.
· 1990, otsailak 12. Eusko Alkartasunak eta Gazte Asanbladak aurkeztutako estatutuen zirriborroa onartzen du Gazteria batzordeak.
· 1990, martxoak 3. Nafarroa kaleko 4. atariko bizilagunek komunikatu gogorra kaleratzen dute Gaztetxearen aurka.
· 1990, martxoak 15. Prontxio Larrañaga garaiko alkatearen, Gazte Asanbladaren eta bizilagunen arteko bilera egiten da; bileran ez da emaitza positiborik lortzen.
· 1990, apirilak 24. Udal aurrekontuetan behin-behineko Gaztetxea egiteko 11 milioi pezetako (66.000 euro inguru) partida onartzen dute; LGAri milioi bat pezetako (6.000 bat euro) diru laguntza eman zioten.
· 1990, azaroak 7. Osakidetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimen guztiak lortuta, Gaztetxeko lanak hasi ziren.
· 1991, urtarrilak 1. Legazpiko behin-behineko Gaztetxearen inaugurazio ekitaldirako aurreikusi zuten data.
· 1997. Behin betiko Legazpiko Gaztetxea ireki zuten Mataderon.